Kanpezu
Arabako hego-ekialdeko udalerri eta ibarra (Arabako Mendialdea). Mugak: iparraldean, Harana eta Maeztu, ekialdean, Mendaza (Nafarroa) eta Nazar (Nafarroa), mendebalean, Bernedo eta hegoaldean, Torralba del Río (Nafarroa) eta Uxanuri (Nafarroa). Garaiera, 620 m. 86,64 km2. 1997ko datuen arabera, 1.085 biztanle, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (kanpezuarrak). Herrigune hauek osatua da Kanpezuko udalerria: Santa Kurutze Kanpezu (herriburua), Antoñana, Buxanda, Urbisu eta Oteo. Oso eskualde menditsuan dago Kanpezuko herria: Somorredondo (1.078 m) iparraldean eta Joar edo Kodes (1.414 m), Humada (1.153 m), Redonda (1.207 m) eta Gallet (1.191) hegoaldean. Ega ibaiak zeharkatzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. Hizkuntza banaketa 1996an: 104 euskaldun, 97 ia euskaldun eta 893 erdaldun. Lurralde gehienak latinizatua dirudi Antzinateaz gero, toponimiak erakusten duenez. Euskaldunak eta erdi euskaldunak % 16 dira. Industria (baso ustiakuntza eta horren inguruan sorturiko industria, altzari industria, janari industria; langileen % 50) eta nekazaritza (laboreak, patata, erremolatxa, behi eta ardi azienda) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Xehetasunik ez dago Kanpezuko hiriaren sorrerari buruz. Gaztelu bat bazen bertan 1187. urtean. Alfontso X.a Gaztela eta Leongo erregearen eskutik jaso zuen 1256. urtean hiri forua, Logroñoko Foruen arabera. 1367. urtean Nafarroako erresumaren barnean zegoen baina Gaztelaren mende gelditu zen lau urte geroago, berriro ere. Antoñana gotorturiko plaza militar garrantzitsua izan zen eta Guardiako Foruak jaso zituen 1182. urtean. 1200. urtean Gaztelako Koroaren mende geratu zen ibarreko gainerako herriak bezalaxe. 1367. urtean Nafarroako erresumaren barnean zegoen baina lau urte geroago berriro ere Gaztelaren mende gelditu zen.