Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kakaduko parke nazionala

Australiako iparraldeko parkea, munduko parke nazional handienetakoa, Arnhemeko lurraldearen mendebaldean. 17.550 km2-tik gorako lurraldea hartzen du. Goi ordoki handiek eta lokaztiek osatzen dute parkea. Goi ordokiak hare harrizko ordoki kristalinoak dira, Kanbriarraurrekoak, bailara sakonez eta baso euritsu tropikalen hondarrez osatuak. Baso horiek ordokia drainatuz lortzen dute ura, nahiz eta sei hilabeteko urtaro lehorra izaten den. Goi ordoki harkaiztsuan eukaliptus baso handiak daude, lehorteari aurre egiteko zailtasunik ez dutenak. Zingirak parkearen mendebaldean daude, eta Western eta Southern Alligator ibaien uholdeen ondorio dira. Bertakoek Billabongs esaten diete. Parkearen alderdi horretan bizi da itsasoko krokodilo talde handiena (Crocodilus porosus). Krokodilo mota horrek ur gazietan eta itsas uretan bizitzeko gaitasuna du. Garai batean desagertzeko arriskuan egon zen, baina parkearen sorrerari esker, salbatu egin ahal izan da. Parkean bizi diren ugaztunei dagokionez, aipagarriak dira martsupialak, bereziki kanguru erraldoi mota berezi bat (Macropus antilopinus), eta hainbat bufalo (Bubalus bubalus), XIX. mendean lehenengo kolono europarrek eramanak. Horrez gainera, 400 hegazti mota inguru bizi dira, bereziki antzarak, eta hainbat kakatua mota, kakatua beltza (Calyptorhynchus lathami) besteak beste. Bestalde, bertako biztanleek egindako pinturak daude Kakaduko parkean, eta horietako batzuk 20.000 urtetik gorako antzinatasuna dutela aztertu da. Pintura horiek direla-eta, munduko ondarearen gunetzat hartu du UNESCOk.