jet-lag
Zenbait ordu-eremutan zehar egindako hegaldiek eragindako asaldura fisiologikoen multzoa: zorabioak, loaldiko arazoak eta lo ezina. Ordulari biologikoa eta bere helmugako ordua bat ez datozenean sortzen da jet-lag gorabehera, eta zenbait egunez iraun dezake gorputza ordu berrira egokitu arte. ■ Arrazoiak. Ozeanoan gaindi hiru ordu-eremu edo gehiagotan zehar egindako hegaldietan sortzen da. Iparretik hegoaldera edo alderantziz egindako bidaiek ez dute halakorik eragiten, ez direlako ordu-eremu desberdinak zeharkatzen. Lurraren inguruan ordu-eremurik zeharkatu gabe bira emanez gero, ez litzateke agertu behar. Gainerakoei dagokienez, asaldura handiagoa eragiten dute ekialderantz egindako hegaldiek, mendebaldera egindakoek baino: % 50 gehiago kosta daiteke ordu berrira egokitzea. Izan ere, organismoaren berezko zikloa 25 ordukoa denez, errazagoa da mendebalderanzko bidaietako luzapenari egokitzea. Ohiko egoeretan, organismoaren barne ordularia (erritmo zirkadianoa) eguzki egun baten argitasun eta iluntasunaren zikloarekin dago sinkronizaturik, eta baita otordu, edari, lanaldi, ariketa, iratzargailu edo zirkulazio zaraten bidez ere. Horregatik, gizakia bat-batean beste ordu-eremu batera aldatzean, organismoaren berezko erritmoarekin duten sinkronizaziotik kanpo geratzen dira arrasto horiek guztiak. Argitasun eta iluntasun zikloak guruin pinealaren bitartez kontrolatzen du erritmo zirkadianoa. Argia begietatik sartzen denean, erretinatik hipotalamora seinale bat bidaltzen da, eta handik garuneko guruin pinealera (hirugarren begia ere deitua). Honek, ilun dagoelako seinalea jasotzen badu, melatonina isurtzen du, eta ondorioz gizakia nekaturik eta logale da. Mekanismo hori umekiaren zazpigarren hilabetean hasten da. Sintomak ezagututa, eragozten saia daiteke: bidaia egun gutxitarako bada, ohiko ordutegia betetzen saiatuz, edo bidaian irten baino lehen gorputza ordutegi berria izango denera ohituz pixkanaka. ■ Sintomak. Ez dira bidaiak eragindako neke eta estresarekin nahasi behar; jet-lagaren sintomek bi astez ere iraun dezakete: egunez logura izatea, gauez lo ezina, desorientazioa, arreta galtzea, hiporreflexia, jateko gogorik eza, gauez pixa egiteko edo libratzeko gogoa sentitzea, suminkortasuna, beheraldiak, aldarte gorabeherak, buruko mina, hilekoaren zikloa etetea… Gainera, ordu jakinetan hartzen diren sendagaiek eraginkortasuna gal dezakete, eta ultzera peptikoa dutenek askotan okerrera egiten dute, otorduak ez direlako beren ohiko orduetan egiten.