Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

jausgailu

iz. Aeron. Hegazkinetatik jauzi egiten duten pertsonen edo handik botatzen diren gauzen (janariak, ibilgailuak, etab.) lastertasuna gutxitzeko erabiltzen den gailua. Funtsean, oihal sendo arin bat da jausgailua, airean zabaltzen denean aterki handi baten itxura hartzen duena. Oihalaren ertzetatik zintzilik soka sorta bat izaten du, eta soka horien beste muturrean fardel bat, gorputzari lotzeko gerrikoa eta uhalak dituena. Oihala, artez tolesturik, fardelean bilduta gordetzen da, eta bizkarrean eraman ohi du jauzilariak. Une jakin batean irekitzen du jauzilariak fardela eta airean zabaltzen da oihala. Oihalaren azalerak (50 m2) grabitate indarrari aurka egiten dion indar bat sortzen du, eta erortzen ari den gorputzaren lastertasuna 50 m/s-tik 6-7 m/s-ra gutxitzen du.  v  Parapente jausgailua. Lauki zuzen baten itxurako jausgailua, gorputzari uhalez lotuta malda pikoetatik jauzi egin eta mendietatik hegan jaisteko erabiltzen dena. Alboan dituen bi soka erabiliz gobernatzen da parapentea. Gaur egun oso zabaldua dago mendizaleen eta kirolarien artean mendietatik parapente jausgailuaz jauzi egitea.