Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jakintzaren Etxea

(Arab. bayt al-hikma). Musulman jakintza lantzeko liburutegia, akademia, itzultzaileen lantokia eta behatokia, Bagdaden kokatua. Musulmanen pentsamoldearen eta greziar filosofia eta zientziaren garrantzi handiko elkargunea izan zen. Al-Mamun kalifak (813-833) sortu zuen 832. urtean; Yahya Ibn Masuyeh (857an hila) izan zen aurreneko zuzendaria; hurrengo zuzendaria Hunayn Ibn Ishak (809-873) izan zen, aurrekoaren ikaslea eta garai hartako itzultzailerik ospetsuena. Jakintzaren Etxean hasi zen XIV. mendea arte iraun zuen musulman jakituriaren urrezko aroa, ezaugarri nagusitzat itzulpengintza duena. Mezenasen bultzadaz itzultzaile talde batek sirieratik eta zuzenean grekotik arabierara itzuli edo moldatzen zituen greziar jakintsuen lanak: Platon, Aristoteles, Hipokrates, Galeno, Dioskorides, Ptolomeo, Euklides, Arkimedes, Apolonio, Menelao, Aristarko, Heron Alexandriakoa, Filon Bizantziokoa. Filologoen arteko eztabaidari esker hizkuntzaren filosofia bat sortu zuten, eta han landu zen IX. mende osoan arabierazko teologia eta filosofiako hizkera tekniko guztia. Hauek dira lan honetan jardun zuten itzultzaile aipagarri batzuen izenak: Yahya Ibn Batrik, Abd al-Masih Ibn Na’ima al-Himsi, al-Kindi filosofoaren laguntzailea, Kusta Ibn Luka. Lege eskolek, berriz, lege erabakien hatsapen metodologikoa jorratu zuten Malik, Abu Hanifa, Shafii eta Ibn Hanbal maisuen gidaritzapean, eta zuzenbidearen hatsapenen zientzia landu zuten analogiazko arrazoiketan oinarritutako antzinako logika erabiliz hasieran, eta logika aristotelikoa gero. Mutazilit eskolak lehenengo musulman arrazionalistak bildu zituen eta fedearen zerbitzuan jarri zuen greziar filosofia. Orduantxe sortu ziren musulman jakintzako izen handiak: al-Kindi (873an hila), “Arabiarren Filosofoa” izengoitiz ezagutua, al-Farabi (950ean hila), Razi, eta batez ere Ibn Sina (1037an hila). Filosofian eta medikuntzan siriarrak izan ziren sirieraren eta grekoaren eta arabieraren arteko bitartekari nagusiak, baina haien eragina handia izanik ere, ez da ahaztekoa persiar jakintsuek, siriarrek baino lehenago, astronomian eta astrologian izan zuten eragina. Arabierak persierazko hitz tekniko ugari izateak frogatzen duenez, ziur asko Irango itzultzaileak izan ziren Indiako jakintza hizkuntzen eta arabieraren arteko aurreneko zubia. Hain zuzen ere, Jakintzaren Etxearen sortzaileetako bat Abu Sahl Ibn Nawbakht irandarra izan zen, Bagdadeko liburutegiko zuzendaria eta pahlavieraz idatzitako astrologiazko lanak arabierara itzuli zituena. Izan ere, islama hedatu aurretik, musulman zientzia Irango eskualdeetan sortu zen, VIII. mende erdiaz geroztik astronomo, astrologo, mediku eta alkimista ugari bildu baitzen han. Jakintzaren Etxeko liburutegi ospetsuak eragin handia izan zuen islamaren munduan eta jakintzaren loraldia bultzatu zuen; badira gainera Bagdadekoarekin harreman handia izan zuten beste bi liburutegi garrantzitsu, al-Hakam II.ak sortutako Kordobako liburutegia, 400.000 liburu zituena, eta gerora Europako jakintzaren loraldia ekartzeko eragin handia izan zuena, eta fatimarren garaian fundatutako Kairoko liburutegia. Esan daiteke Jakintzaren Etxea izan zela musulman jakintzak garai horretan eta alor guztietan bizi izan zuen aurrerakada handiaren eragilea.