Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jakin

Arantzazuko frantziskotarren inguruan bildutako kultura taldea. 1956an sortu zen, eta urte hartan hasi zen Teologiaren Yardunak izeneko aldizkaria kaleratzen. Han idatzi zuten, besteak beste, Orixek, Zaitegik, Gazteluk, Txillardegik eta A. Irigoienek. Bederatzigarren zenbakitik aurrera Kepa Enbeita eta Joseba Intxausti izan ziren aldizkariaren zuzendari. Taldea urtero biltzen zen, elizaren babespean. Hasieran teologia eta filosofia gaiak erabili bazituzten ere, hizkuntzarekiko eta gizartearekiko ardurak nagusitzen hasi ziren gero. Administrazio eragozpenak zirela eta, 1961ean kaleratzeari utzi zioten hiru bat urtez, baina bitarte horretan taldekideek beren lanak Egan aldizkarira bidali zituzten. 1967an aldizkariak talde laneko zuzendaritza laikoa osatu zen (R. Arregi, K. Santamaria, A. Lekuona, I. Sarasola, J. A. Arana). Garaiko gaiak erabili ziren orduan, sozialismoa, burujabetza, erlijiozko krisia, euskararen eguneratzea, hirugarren mundua, etab. 1968an Joan Mari Torrealdaik hartu zuen zuzendaritza, Donostian hartu zuen egoitza eta aldizkariaren tankera aldatu zuen, Esprit Frantziako aldizkariaren itxura hartuta. Hurrengo urtean gobernuak debekatu zuen. Handik hara eta 1977 arte Jakin argitaletxe bihurtu zen (Jakin Sorta); Torrealdai, Intxausti eta Agirrebalzategi izan ziren zuzendariak urte haietan. 1977an berriz ere kaleratzen hasi zen L. A. Bilbaoren eta J.M. Torrealdairen zuzendaritzapean. Torrealdai da gaur egun ere aldizkariaren zuzendaria, eta era guztietako kultura gaiak ukitzen ditu.