Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

jaioberri

iz. eta izond. Duela gutxi jaio dena.   
Jaioberriaren bat-bateko heriotza. Med. Haur jaioberria bat-batean eta eritasun larririk izan gabe hiltzea; beste izen hauek ere ematen zaizkio gertaera honi, adibidez jaioberriaren bat-bateko heriotzaren sindromea, gaueko heriotza edo sehaskako heriotza, haurra lo dagoela gertatzen baita, sarritan. Haurron heriotz bat-batekoa gertatzen denean, ez da heriotzaren kausaren zantzurik aurkitzen hil ondoko azterketan ere. Sindrome hori batez ere lehenengo lau hilabetetan gertatzen da, garaiz baino lehen edo pisu gutxirekin jaiotako haurren artean bereziki. Sindromea zerk eragiten duen ez da ezagutzen baina badira zenbait teoria. Adibidez, hildako haurrek oxigeno gutxiegi hartu izanaren zantzuak dituzte; teoria batzuen arabera, beraz, haur horiek ez dituzte behar bezala garatu arnasa hartzeko erreflexuak. Hori erakusten dute arnasa hartu ezinik aurkitu eta suspertu diren haurren kasuek esaterako. Haur horiek sindrome horretatik salbatutako biktimatzat hartzen dira; adituen uste, odolean karbono dioxido kopurua handitzen denean ez dira arnasaren maiztasuna handitzeko gauza, haur normal batek egingo lukeen moduan. Garaiz baino lehen jaiotako haur batzuek, gainera, apnea izan dezakete lotan direnean, alegia, arnasketan 20 segundo baino gehiagoko geldialdia.