Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

jabego

iz. Sin. jabetasun, jabetza. Jabe garen gauzaz dugun eskubidea, jabetasuna. ■ Jabego Intelektualaren Mundu Erakundea. Nazioarteko erakundea, jabego intelektualaren eskubidearen inguruko arazoetan espezializatua. Erakunde horren asmoa da estatuen arteko elkarlana bultzatzea eta jabegoa babesteko alor desberdinak arautuko dituzten legegintzako tresnak osatzea eta kudeatzea. Nazio Batuen Erakundearen sistemaren kidekoa da, nahiz eta erabateko autonomia duen osaerari eta antolamenduari dagokionez. Genevan (Suitza) du egoitza nagusia eta 1997an 161 kide zituen. ■ 1883an Parisko hitzarmena izenpetu zen Jabego Industrialaren Babeserako. Hura izan zen sorkuntza lan intelektualen eskubideak babesteko helburua zuen nazioarteko lehenengo idatzia. Hitzarmen hartan patenteak, markak eta marrazkiak eta industria ereduak aipatzen ziren. Bestalde, hitzarmena kudeatzeko eta bilerak antolatzeko nazioarteko bulego bat sortu behar zela adierazi zen. Handik bi urtera Bernako Hitzarmena izenpetu zen, arte eta literatura lanak babesteko. Azken horretan, sistema bat arautu zen herrialde batek nazioartean bere artelanen erabilera kontrolatzeko eskubidea zainduko zuena. Bigarren hitzarmen horretan bulego osagarri bat sortu zen eta 1893an aurrekoarekin bat egin zuen; horrela sortu ziren Jabego Intelektualaren Babeserako Nazioarteko Bulego Batuak Bernan. Bulego haiek 1960 arte eutsi zioten beren egitura eta izenari. Urte horretan Genevara aldatu zuten egoitza nazioarteko beste erakundeekin harremanak errazteko asmoz. 1970ean beste hitzarmen bat izenpetu zen, eta erabaki zen bulegoen izena aldatzea: Jabego Intelektualaren Munduko Erakundea. Handik lau urtera NBEarekin bat egin zuen. 1990eko hamarraldiaren amaieran OMPIk nazioarteko 11 hitzarmen kudeatzen zituen, jabego intelektualarekin zerikusia zutenak. Jabego intelektuala arautzeko sistema nazionalak koordinatzen ditu, eskubideak onartzeko nazioarteko eskakizunekin zerikusia duten zerbitzuak ematen ditu, informazioa eta laguntza juridikoa eskaintzen du, alderdi pribatuen arteko arazoak konpontzen saiatzen da. Hasierako bi hitzarmen horiez gainera, OMPIk jabeko industrialari buruzko nazioarteko bost idatzi administratzen ditu eta egile eskubideari buruzko sei. Lehenengo bostak hauek dira: Madrilgo Akordioa (1891), Nairobiko Hitzarmena (1981), Washington-eko Hitzarmena eta Marken Eskubideari buzko Hitzarmena (1994). Bigarren sailean sartzen dira: Bernako Hitzarmena (1886), Erromako Hitzarmena (1961), Genevako Hitzarmena (1971), Bruselako Hitzarmena (1974), Egile Eskubideari buruzko Hitzarmena (1996) eta Interpretazioari eta Fonogramei buruzko Hitzarmena (1996). Jabego Intelektualerako Munduko Erakundeak 650 funtzionario ditu eta zenbait organo laguntzaile antolatu ditu, hala nola Munduko Akademia, profesionalei formazio berezia ematen diena, edo Arbitraje eta Bitartekaritza zentroa. ■ Jabego industriala. Patente, marka, marrazki edo eredu baten jabeei ematen zaien esplotaziorako monopolioa. Jabego industrialaren eskubidea jabego intelektualaren mendekoa da. Jabego intelektualaren barruan sartzen dira asmakizun patenteak eta markak, eta baita marrazkiak eta ereduak, merkataritza izenak, bereizgarriak, izenak eta jatorriko seinaleak ere. Jabego industrialaren eskubidearen funtzio juridikoa aurreramendu zientifiko, tekniko eta ekonomikoa bultzatzea da eta horretarako, salerosketen segurtasuna handitzen du. Asmalariak eta fabrikatzaileak babesten ditu faltsifikazioaren aurrean. Dena dela, jabego industriala antolatzen duten erregimen juridikoei aurpegiratu zaie herrialde industrializatuen eta herrialde azpigaratuen arteko mugak jarri izana eta monopolioen sorrera erraztea. Babesaren inguruko nazioarteko erakundeak dira jabego industrialaren Munduko Erakundea, patenteen Europako Erakundea, eta hainbat erakunde pribatu. ■ Jabego literarioa. Idazleek eta artistek beren lanen gainean duten eskubide morala eta diruzkoa. Literaturaren alorrean inprimategiekin batera sortu zen, eta egile eskubideak inprimatzailearen pribilegiotzat hartu ziren lehenbizi, argitaldarien pribilegiotzat gero eta egilearen pribilegiotzat azkenik. Nazioartean, literaturaren eta artelanen babesa Bernako Hitzarmenak ziurtatu zuen 1881ean. Bernako Batasunak 119 estatu bildu zituen, eta herrialde horiek lanen babesari dagozkien gutxieneko irizpideak errespetatuko zutelako konpromisoa hartu zuten. Dena dela, argitalpenen erreprodukzio eta argitalpen modu berriak sortzearekin batera (Internet adibidez), egileak bere lanaren gainean duen kontrola hutsaren hurrengoa izatearen arriskua dago. Bernako Hitzarmenaz gainera, aipagarria da Genevako Hitzarmena, egile eskubidearen gaineko hitzarmen unibertsala deitua (1952). Egile bat baino gehiago dagoenean, legeak hiru kategoria bereizten ditu: lankidetza lanak, lagun batek baino gehiagok parte hartzen dutenak (filmak adibidez); aurretik zegoen lan baten lan eratorria, egilearen lankidetza gabe egiten dena (egokitzapenak, itzulpenak, etab.); talde lanak, pertsona fisiko edo moral baten ekimenez argitaratuak (entziklopediak, adibidez). Egile eskubidearen hurbileko eskubideek babesten dituzte artista interpreteak, bideograma eta fonograma ekoiztetxeak, ikus-entzunezko komunikazio enpresak. Egile eskubideak bi ikuspegi hartzen ditu bere baitan: eskubide morala eta diruzko eskubidea. Eskubide morala pertsonari lotua da: biziartekoa da, besterenezina, amaitu ezina eta bahitu ezina. Horrek esan nahi du egileak berak duela bakarrik bere lana zabaltzeko eskubidea; berak bakarrik duela bere lanaren errespetuari dagokion eskubidea. Zinema lanei dagokionez, egileen eskubide morala lan bukatuei aplikatzen zaie soilik. Diruzko eskubidea, edo ondareari dagokiona, lana onuraren bat lortzeko helburuarekin eta erreprodukzioaren eta irudikapenaren bidez esplotatzeko eskubide esklusiboa da. Zinema lanen ondasun eskubideak produktoreak erabiltzen ditu. Diruzko eskubideak, bestalde, jarraipenaren eskubidea hartzen du bere baitan, zeinaren arabera egileak eta bere ondorengoek eskubidea duten salmenta publiko baten edo merkatari batek ordaindutakoaren ehuneko bat jasotzeko.