Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

izenordain

iz. Gram. Gauza bat, bere izena aipatu gabe adierazteko erabiltzen den hitza.  v  Gram. Euskaraz, bi motatako izenordainak bereizten dira: pertsona izenordainak eta izenordain zehaztugabeak. Pertsona izenordainak: ni (lehenengo pertsona singularrekoa, hiztunari dagokiona), hi (bigarren pertsona singularrekoa, entzuleari dagokiona, eta lagunartean erabiltzen dena; ik. hitano), gu (lehen pertsona pluraleko izenordaina), zu (bigarren pertsonaren izenordaina, antzina plurala zena, eta hi formaren ordez, errespetu marka gisa, singularrean erabiltzen hasi zena), zuek (bigarren pertsona pluraleko izenordaina), eta berori, beroiek (errespetuzko izenordain pertsonalak) dira. Bestalde, horien forma indartuak ere izenordain dira (neu, nihaur, nerau, neroni; heu, hihaur, herori; zeu, zuhaur, zerori; geu, guhaur, gerok; zeuek, zuihauk, zerok); galdegai direnean eta ere, behintzat, behinik behin eta antzeko formekin erabiltzen dira izenordainen forma indartuak. Euskalkien arabera forma bat edo bestea erabiltzen da, eta oro har, mendebaleko euskalkietan gehiago erabiltzen dira izenordain indartuak ekialdekoetan baino. Izenordain zehaztugabeak dira: nor eta zer galdetzaileak (“Nor etorri da?” “Zer ordu da?”); horietatik eratorriak: norbait (“Norbait sartu da gelan”), zerbait, nor edo nor, zer edo zer, edonor (“Edonor joan daiteke”), nornahi, ezer (“Ezer ez dakigu”) inor, nortzuk, zeintzuk, norbera, nor bere; eta beste, neure/zeure… burua, bata beste, elkar.