Itziar
Debako udalerriko auzoa, Andutz mendiaren ondoan (Deba Beherea, Gipuzkoa). 1.000 biztanle inguru. Euskara, gipuzkera; euskaldunak % 90. Aipagarria da XVI. mendeko Andre Dona Mariaren eliza platereskoa (Itziarko Andre Mariaren santutegia). v Historia. Gipuzkoako herri zaharrenetakoa da Itziar. Historia aurreko aztarnategi guztiz garrantzitsuak aurkitu dira bertan (Urtiagako lezea). Tricio Tubolico erromatarren garaiko herria bide zen, barduliarren eta karistiarren arteko mugan. 1294. urtean, Antso IV.a Gaztelako erregearen garaian, Monreal izeneko hiri bat eraiki zen Itziarko lurretan. XIV. mendean, 1343. urtean, Itziarko hiria arrantza portutik urrunegi eta nekazaritzarako garaiegi zegoela eta, hiria Deba ibai ertzera aldatzeko erregutu zioten bertako biztanleek Gaztelako erregeari eta Debako auzo izan zen Itziar aurrerantzean. Udalerri egiteko asmoak agertu dituzte oraintsu, Itziarko zenbait biztanlek eta taldek.