Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izturitze

Nafarroa Behereko mendebaleko udalerria, Bastidako kantonamenduan. Isturits du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Aiherra eta Oragarre; ekialdean, Oragarre eta Donamartiri; mendebalean, Aiherra, eta hegoaldean, Donostiri eta Donamartiri. Garaiera, 160 m. 1999ko datuen arabera, 374 biztanle (isturiztarrak). Aran ibaia igarotzen da udalerritik. Euskara, behenafarrera; euskaldunak, % 99. Nekazaritza (behi eta ardi azienda) da bertako ekonomia jarduera nagusia (langileen % 70). Izturitzeko lurretan, Gaztelu izeneko mendiaren barnean, daude Izturitze, Otsozelhaia edo Haristoi eta Erberuako lezeak, Euskal Herriko historia aurreko aztarnategi ederrenetakoak. Aipagarriak dira bertako hilerriko XVI. mendeko hilarriak.  v  Historia. 1311. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Izturitzeko herria Isturiz izenaz.  v  Izturitzeko Lezeak. Izturitzeko udalerriaren eremuetan dagoen historiaurreko aztarnategia. Aztarnategia 1895. urtean aurkitu zen eta 1913. urtean hasi ziren indusketa lanak. Aztarnategian Munster Arotik Erdi Arora bitarteko geruza aberatsak atzeman dira. Madalen arokoak izan daitezkeen zazpi marrazki ageri dira guztira: 3 orein, bi zaldi, hartz bat eta oreina, orkatza edo ahuntza izan daitekeen beste animalia. Pieza mugikorrei dagokienez nabarmentzekoak dira harrizko eta zurezko gezi muturrak, karraskailuak, makila zulatu eta animaliez dekoratuak, konderak, zintzilikarioak, txotxak eta abar.