Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

irrati

iz. Haririk gabeko telefonia. || Irrati igorgailua. || Irrati bidezko mezuak hartzeko gailua.  v  Irratiaren historia. Aurretik saio batzuk izan baziren ere, 1920en hamarkadan hasi zen irratia Europa eta Ameriketan zabaltzen. Hasierako urte haietan, ia irrati guztiak pribatuak ziren, baina komunikabide hori hedatuz joan ahala, estatuak hasi ziren irratietan parte hartzen, iritzi publikoan zuten eragina kontrolatzeko. Irratien jarduera 1927an arautu zen Estatu Batuetan, lehenbiziko aldiz, lege baten bidez. Lege horrek (Radio Act izenaz ezagutzen dena), irrati enpresen askatasuna finkatzen zuen arren, uhin luzera eta emisioen hedadura mugatu zituen. Gero, nazioarteko hitzarmenak osatu ziren, interferentziak saihesteko eta irratien arteko lankidetza arautzeko (Praga, 1928; Luzerna, 1933; Montreux, 1939). Atlantic City-n egindako bilkuran (1947) uhin luzea (150-258 kHz-ko uhin maiztasunekoa) eta tarteko uhina (525-1605 kHz-ko uhin maiztasunekoa) finkatu ziren herrialde barruko emisioetarako. Uhin maiztasun horietan oso uhinbide gutxi dagoenez gero, emisio ugari pilatzen ziren uhinbide berean, eta interferentziak sortzen ziren. Konpenageko bilkuran (1948) banatu ziren Europako uhinbideak (15 bide uhin luzeetarako, eta 120 bide tarteko uhinetarako), uhinbide bera erabili behar zuten irratiek elkarrengandik ahalik eta urrutien kokatuz interferentziak saihesteko. Tropikoetan, berriz, Tropiko uhina deitutakoa (2300-5060 kHz.) erabiltzen da, bertan interferentziak sorrarazten dituzten uhin parasito ugari daudelako. Herrialdeetatik kanporako emisioentzat uhin laburra gorde zen Atlantic City-ko bilkuran (180 uhinbide). Uhin labur hori mundu osoan heda daiteke. Azkenik agertu den uhin mota maiztasun modulatukoa da (87,5-100 MHz). Uhin mota honek hobeto saihesten ditu interferentziak eta zehaztasun handiagoko emisioak bideratzen ditu. Uhin modulatuko 42 uhinbideak Stockholmeko bilkuran banatu ziren Europako irratien artean.  v  Irrati astronomia. Irratiaz eta radarrez baliatzen den astronomia ikerketa mota.  v  Irrati bidezko lotura. Uhin elektromagnetikoen bitarteko telekomunikazioa. Uhinbide ugari dituen sistema da (Multiplex). Sistema erabiliena mikrouhinez baliatzen dena da, uhin eramaile bakar batean uhinbide ugari kodifikatzeko aukera ematen duelako.  v  Irrati faroa. Irrati uhinak emititzen dituena, itsasontziei eta hegazkinei ibiltzen laguntzeko.  v  Irrati igorgailua. Irrati uhinak emititzen dituen tresna. Irrati igorgailu baten zati nagusiak hauek dira: kuartzozko oszilagailua (uhin eramailea sorrarazten duena), labe termostatikoa (kuartzozko oszilagailuaren tenperatura zaintzen duena, gorabeherarik izan ez dezan), anplifikagailua (igorgailura iristen den uhinari emititzeko moduko maiztasuna ematen diona) eta antena (irrati uhinak airera igortzen dituena).  v  Irrati interferometroa. Argizagiek sorrarazten edo islatzen dituzten uhin elektromagnetikoak jaso eta aztertzen dituen tresna. Funtsean, irrati teleskopio mota bat da (ik. irrati teleskopio), irrati uhinak jasotzeko bi antena edo gehiago eta uhin hartzaile bat dituena.  v  Irrati komunikazioa. Toki batetik beste batera edo batzuetara uhin elektromagnetikoen bidez zerbait komunikatzeko teknika. Uhin elektromagnetikoak oso lasterrak direlako (300.000 km/seg) nagusitu da komunikazio sistema hau. Irrati komunikazio mota nagusiak hauek dira: telegrafia kodea (itsasontzietatik lehorrera eta alderantziz komunikatzeko sistema. Teknika hobeak agertu direnez, baztertzen ari da kode hau), uhin zabaleraren modulazioa (irratiak eta telebistak –azken honek irudiak igortzeko– erabiltzen dutena), uhin maiztasunaren modulazioa (irrati uhin modulatuak eta telebistaren soinua igortzeko erabiltzen dena) eta radarra (oztopoak bilatzeko eta kokatzeko irrati uhin bidezko sistema elektronikoa).  v  Irratiteknia. Irrati uhin bidezko komunikaziorako behar diren tresnak ikertzeko eta egiteko teknika.  v  Irrati teleskopioa. Irrati uhinen hartzaile bat eta antena mugikor bat dituen teleskopioa. Kanpo espaziotik Lurrera iristen diren irrati uhinak jasotzeko erabiltzen da. ■ Irrati zelularra. Irrati bidezko telefono eramangarrizko sistema, munduko hiri askotan azkar nagusitzen ari dena. Irrati sare handien sistema bera du, eta lurralde batek dituen zelula edo unitateetatik datorkio izena. Zelula bakoitzak 1,5 eta 2,4 km arteko erradioa hartzen du, eta irrati emisorea izaten du. Telefono eramangarria zelula batetik bestera igarotzean, erabiltzailearen deiak zelula batetik bestera aldatzen dira, automatizatutako sistema baten bidez. Ingalaterra izan da komunikazio sare pertsonalen zerbitzuak (PCN) eskaini dituen lehen herrialdea. 1995ean 2,2 milioi erabiltzaile baino gehiago zituen.