Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

irrada

iz. Sin. erradiazio. Uhinen bidezko igorpena.  v  Fis. Espazioa zeharkatzen duen energia izpia. Bi dira irrada mota nagusiak: elektromagnetikoa eta partikuladuna.  v  Irrada elektromagnetikoa. Uhin elektromagnetikoek osatzen dutena. Uhin horien maiztasunaren arabera sailkatzen dira halako irradak. Irrada elektromagnetiko baten ezaugarri nagusia bere espektrua da (ik. espektru): irradaren energia osagai kopuru mugatu batean banatzen bada, marra espektrua osatzen du irradak; irradaren energia maiztasun jakin bateko uhin guztietan banatzen bada, berriz, espektru jarraia osatzen du irradak.  v  Irrada partikuladuna. Bere baitan elementu gotor guztiz txikiak dituena (elektroiak, protoiak, neutroiak, etab.). Irrada partikuladunen elementu gotorrak beren energiaren arabera banatzen dira, eta espektru desberdinak eratzen dituzte.  v  Irrada kosmikoa. Kanpo espaziotik Lurrera, argiaren lastertasun ia berdinez, iristen den energia handiko partikula oro. Bi mota dira: oinarrizkoa eta sekundarioa. Irrada kosmiko oinarrizkoa protoiez eta alfa partikulez osatua da batez ere. Gai kimiko astun ugari dituzten izarrak (supernovak) lehertzen direnean sortzen dira oinarrizko irrada kosmikoak, eta irrada horiek, Lurraren atmosferara sartzen direnean, oxigeno- eta nitrogenoguneekin elkar jotzen dute eta irrada kosmiko sekundarioa sorrarazten. Irrada kosmiko sekundarioek atomo partikulak dituzte: elektroiak, positroiak, mesoiak eta neutrinoak, eta, baita irrada elektromagnetikozko multzo txikiak (fotoiak) ere. Energia handiko irrada kosmiko sekundarioek, atmosferako beste guneekin elkar jotzean, irrada sekundario gehiago sorrarazten dituzte, eta haiek beste batzuk, iladan.  v  Irrada terapia. Med. Irrada ioitzaileak erabiliz tumoreak (kaltegarriak nahiz kalterik sortzen ez dutenak) sendatzeko edo arintzeko teknika. Hiru irrada mota erabiltzen dira: X izpiak, gamma izpiak eta beta izpiak. Horiez gainera, protoi irradak ere esperimentatzen hasiak dira. Irrada terapia lau eratakoa izan daiteke: tradiziozko roentgenterapia, radiumterapia edo curieterapia, energia handiko irrada terapia eta radioisotopoterapia. Tradiziozko roentgenterapia: X izpiez egiten da. Coolidge-k asmatu zuen, 1913an, X izpiak jaurtikitzeko hodia. Hodi horretara sartzen den argi indarra 250 kV-takoa izaten da. Irradatu beharreko ehuna larruazala edo erraz irits daitekeen muki ehuna bada, oso sarkorrak ez diren irradak erabiltzen dira, Chaoul-en eta Philips-en hodiek jaurtikitzen dituztenak (plesioroentgenterapia). Radiumterapia edo curieterapia: irrada terapia honetan radioak sorrarazten ditu irradak (alfa, beta eta gamma). Energia handiko irrada terapia: hiru irrada mota erabiltzen dira: potentzial diferentzia handiko X izpiak (2MeV-tako roentgen irradak), irrada partikuladunak (4 eta 50 MeV bitarteko irradak) eta kobalto 60-ko eta zesio 137-ko bonbek sorrarazten dituzten isotopo erradioaktiboak. Radioisotopoterapia: erabiltzen diren isotopo erradioaktiboak hauek dira: kobaltoa (Co), zesioa (Cs), talioa (Ta), urrea (Au), Iodoa (I), estrontzioa (Sr), itrioa (Y) eta fosforoa (P). Irradaren eragin biologikoak. Irrada ionizatzaile batek organismo bizidunen ehunetan duen eragina. Irradak ehun horietako zelulen molekuletara aldatzen du energia, eta, horren ondorioz, zelulen funtzioak aldi baterako edo betiko honda daitezke, edo baita hil ere. Kaltearen larritasuna desberdina izaten da irrada motaren, dosiaren, xurgatze lastertasunaren eta ehunaren sentikortasunaren arabera. Aldiz, ondorio berdinak izaten dira irrada gorputzaren kanpoaldetik edo barruko material erradioaktibo batetik etorrita ere. Dosi bereko irrada baten eragin biologikoak oso desberdinak izan daitezke, ordea, irrada jasotzen emandako denboraren arabera. Irrada lasterraren ondorioz zelulak hil egiten dira, eta ondorioak ordu, egun edo asteetara ikusi ahal izaten dira. Epe luzean jasotako irradak hobeto jasaten dira, eta errazago konpon daitezke ondorioak, nahiz eta dosi erradioaktiboa handia izan. Hala ere, arazo larriak sortzeko adinakoa bada, luzerako edo ezinezkoa izan daiteke osatzea. Dosi txikiko irradek zelulak hiltzen ez badituzte ere, luzarora arazoak sorraraz ditzakete. ■ Gaitz larriak. Jasotako irradak gray-etan neurtzen dira: 1 gray (Gy) = 1 joule, material kilo bakoitzeko. 40 Gy baino irrada handiagoko kopuruek hondamen larriak eragiten dituzte gizakiaren sistema baskularrean, eta garuneko edemak, arazo neurologikoak eta koma sakona izaten dute ondorioa; gizakia 48 ordutan hiltzen da. 10 eta 40 Gy arteko irrada kopuruarekin arazo baskularrak arinagoak diren arren, gizakia 10 egunen buruan hiltzen da, desoreka osmotikoaren, hezur muinaren narriaduraren eta heriotz aurreko infekzioaren eraginez. Jasotako irrada kopuruak 1,5 eta 10 Gy artekoak badira, hezur muina hondatzen da, eta infekzioa eta odoljarioak sorrarazten ditu; gizakia 4 edo 5 astetara hil daiteke. Kopuru txiki horiek eragindako kalteak modu eraginkorrean tratatzen badira, ondorio onak izan daitezke: 3 eta 3,25 Gy arteko irrada kopurua jaso eta tratamendua hartzen dutenen erdiek, adibidez, hezur muina ez galtzea lortzen dute. Gorputzeko atal jakinetan jasotako irradek ehunetan eragiten dituzte kalteak. Atal horietako odol basoak hondatzen dira, eta, ondorioz, arazoak sorrarazten dituzte organoen funtzioetan. Kopuru handiak badira, nekrosia (ehun hila) eta gangrena eragiten dituzte. Barruko irradek, arazo larriak baino gehiago, eragin atzeratuko arazoak sorrarazten dituzte, maila eta larritasun desberdinekoak organoaren, irrada motaren eta irrada iturriaren jokaera biokimikoaren arabera. Irrada jaso duen ehuna hondatu edo suntsitu egin daiteke, edo minbizia sor daiteke. ■ Eragin atzeratuak. Irrada ionizatzaileen ondorioak organo askotan ageri dira: hezur muinean, giltzurrunetan, biriketan eta begietako kristalinoan, odol basoen hondamen moduan. Bigarren ondorio gisa, funtzioak aldatu eta endekatzea gerta daiteke. Hala ere, eragin atzeratuko gaitzik larriena minbizia eta leuzemia dira. Estatistiken arabera, irrada kopuru handiak (1 Gy baino gehiago) jaso dituzten lurraldeetan leuzemia, tiroideko, biriketako eta bularretako minbizi kasuek gora egin dute nabarmenki. Gainera, animaliekin egindako ikerketetan, bizitza laburtzen zaiela ohartu dira adituak, baina gizakiarengan ere hala gertatzen den frogatzeke dago oraindik. ■ Irrada ez ionizatzaileak. Sare edo linea elektrikoen, radarren, komunikazio sareen eta mikrouhin labeen irrada frekuentziak ez dira ionizatzaileak. Luzaroan uste izan da irrada mota horiek kopuru handian bakarrik zirela kaltegarriak, eta erredurak, begi-lausoa, antzutasuna eta beste hainbat kalte eragin zezaketela, baina tresna horiek ugaltzearekin, kopuru txikian epe luzez irradak jasotzearen ondorioak zein izan daitezkeen ari dira ikertzen gaur egun. Ondorio biologiko arin batzuk ikusi ahal izan diren arren, osasunean eragin ditzaketen kalteak ikuskizun daude oraindik.