ipuin
iz. Irudimenak sortutako alegiazko kontakizuna. ◊ Egiazkoa ez den esana. v Beste literatura generoen aldean, ipuingintzaren bilakaera historikoa finkatzea zail da. Bi eratako ipuinak bereiz daitezke: herri ipuin miresgarriak eta literatura kontakizun laburrak. Jatorriz, ipuina ahozko herri literaturaren eredu garbienetakoa da. Ezin konta ahala bilduma egin dira garai modernoan herri ipuinenak, garai ezberdinetakoak eta elkarren artean harremanik ez zuten herrienak. Ahoz aho pasa dira jendearen oroitzapenean eta idatziz ere bai, behin eta berriz, era ezberdinetara landuak. Ezagunak dira, esaterako, Mila eta bat gau liburua eta Perrault, Grimm eta Andersen idazleen lanak. Autore horiek herriaren ahotik jaso eta moldatu zituzten beren kontakizunak eta pertsonaiak. Literatura kontakizun laburrak, berriz, ez dira nahitaez fantasiazkoak eta ez dira beti irakurlego gazteari lotuak. Era horretakoak dira ipuin generoaren hastapenetan, Hitako artzapezaren Libro de buen amor-en agertzen direnak, hitz neurtuz idatziak badira ere, eta Lucanor kondea izeneko liburua. Lehenagotik Indian, Txinan eta Arabian ipuin idazle asko izan ziren. Baina ipuin kontzeptua bermatu XIV. mendean bermatu zen Boccaccioren Decamerone-rekin. Decamerone-ren ildotik doaz Nafarroako Margarita erreginaren Heptameron, Bandelloren Novelle Italian eta Chaucer-en Canterbury tales liburua. XVII. mendean, ipuintzat hartu izan dira alegiak ere; La Fontainerenak dira horren adierazgarri. Erromantizismoak beste elementu fantasiazko bat erantsi zion ipuinari. Nodier Frantzian, Hoffmann Alemanian, Poe Estatu Batuetan eta Bécquer Espainian, horren aintzindari dira. Kazetaritzaren gorakadak aukerak zabaldu zituen, eta ipuin ugari argitaratu ziren aldizkari eta agerkarietan. XIX. mendeko eleberrigile gehienek idatzi zituzten ipuinak: Balzac, Stendhal, Gautier, Flaubert, Pushkin, Dickens, Walter Scott, Clarín ebar. Errusian, Gogolek Longaina ipuinarekin geroko literaturaren historia guztian eragin erabatekoa izan zuen, Echeverria argentinarrak Hego Ameriketan bezala El matadero ipuinarekin. Frantzian, maisu handienetako bat Maupassant izan zen, inpresio bat azaltzen duena orri laburretan, kontakizunezko iradokizun batean kondentsatua. Errusian berriz maisu asko dago baina guztien artean Turgenev, Dostoievski, Tolstoi eta batez ere Txekhov dira aipagarrienak. Estatu Batuetan, Bierce, Hawthorne eta Melville. XX. mendean egoerak bere luzapena du. Esan daiteke eleberrigile guztiek erabili dutela noiz edo noiz ipuingintza kontakizunak idazteko, eta badira ipuinak besterik idatzi ez dituzten idazleak. Ipuingintza eleberriaren parean jarri da eta genero bereizitzat jotzen da. Bereziki nabarmendu dira genero horretan: Pirandello eta Moravia Italian, James Kipling, Joyce eta Chesterton Bretainia Handian, Mann eta Kafka Alemanian, Mario de Andrade eta Guimares Rosa Brasilen, Horacio Quiroga, Borges, Cortázar, Vargas Llosa, García Márquez eta Rulfo, Hego Ameriketan. v Euskal Herrian ere herriaren ahotik herri ipuinak jaso eta bildu dituztenak daude alde batetik, eta literatura kontakizun laburren egileak, bestetik. Biltzaileen artean aipatu beharrekoak dira: François-Michel, Cerquand, Azkue, Webster, Vinson, Barbier eta Barandiaran, besteak beste. Aurreko literaturgileek, erlijio liburuetan eta, ipuin modukoak eta santuen bizitzak sartzen zituzten etsenplu gisa, jendeari moral ereduak eskaintze aldera. Erromantizismo garaian eta Lore-Jokoen inguruan elezaharrak moldatzen hasi ziren, erdaraz bezala euskaraz ere. Izen batzuk aipatzekotan: Arakistain, Trueba, Goizueta, Arrue, Campión eta Etxegarai. XIX. mendean berean izan zen Euskal-Erria izeneko aldizkarian idazten zutenen artean joera bat izkirimiri edo irri ipuin motzak idazteko: Biktoriano Iraola, Martzelino Soroa, Toribio Alzaga, eta giro horretatik kanpo, baina irri ipuinaren barruan Kirikiño eta Urruzuno. Alegiaren generoa ere sarri erabili izan da, batez ere Esoporenak eta La Fontainerenak itzultzeko: Bizenta Mogel, Archu, Goyhetche; edo berriak asmatzeko: Iturriaga, J.M. Zabala, Uriarte, Oxobi, Adema. XX. mendean tradizioaren bidetik ibili ziren hainbat idazle, hala nola: Gregorio Mujika eta Lafitte, besteak beste. Literatura genero bereizia egin nahian saiatu ziren Tene Mujika, Jautarkol eta batez ere Nemesio Etxaniz, baina ohiturazko kontakizunaren bidetik betiere. Ipuingintza modernoa bete-betean Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970) ipuin bildumarekin hasi zen, nahiz eta lehenagotik badiren saio batzuk, esaterako, Martin Ugalde Venezuelan argitaratutako Iltzailleak (1961) liburuarekin. 1950-1960 urte inguruetan badira beste saio batzuk, aldizkarietan atera zirenak (Gazte, Pan-pin, Gure Herria, Herria, Egan, Euzko-Gogoa) eta autorea hil eta gero argitaratu zirenak. Hiru idazle aipatu behar dira sail horretan: Jean Etxepare Landerretxe eta Mendekoste Gereziak (1963-1991) bilduma, Gabriel Arestiren Ipuinak (1979) eta Jon Miranderen Ipuin izugarriak (1984). Hunik arrats artean liburua eta gero, ugari izan dira ipuina literatura genero gisa landu dutenak, eta iritsi da gaur egunera, euskaraz idatzietan, generorik usuena izatera.