Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Imamura, Shohei

Japoniar zinegilea (Tokio, 1926). Nekazaritza eta, batez ere, historia ikasketak egiten ari zela, antzerki lanak idatzi eta zuzendu zituen unibertsitatean. 1951 urtean Schochiku estudiotan sartu zen eta zuzendari laguntzaile lanetan aritu zen. Nusumareta yokubo (1958, Desio lapurtuak) eta Hateshinaki yokubo (1958, Desio ase ezinak) izan ziren Imamuraren lehen filmak. Imamuraren estilo barrokoak, eta gizarteaz eta erotismoaz zituen kezkek indar bizia eman zieten hirurogeiko hamarkadan egin zituen filmei. Buta to Gunkan (1961, Neskatxak eta gangsterrak); Nippon Konchuki (1963, Emakume intsektua); Jinruigaku nuymon (1966, Pornografoa), eta Kamigami no fukaki yokubo (1968, Jainkoen desio bizia). 1965 urtean Imamura Productions izeneko zinema ekoizpen etxea sortu zuen, eta harentzat egin zituen hurrengo lan gehienak. Hirurogeita hamarreko hamarkadan telebistarako lan egin zuen batik bat, eta bi film bakarrik egin zituen: Nippon sengoshi Madamu onbora no seikatsu (1970, Gerraondoko Japoniaren historia taberna bateko kamarera baten hitzetan) eta Fukushu suru wa watenniari (1979, Mendekua nirea dut). Laurogeita hamarreko hamarkadan lan gutxiago egin zuen, baina ezagun bihurtu zen mundu osoan. Garai hartako filmak ditu: Eijanaika (1980); Narayama-bushi ko (1983, Narayamako balada), Zegen (1987, Burdeletako nagusia) eta Kuroi ame (1989, Euri beltza), guztiak errealismo gordinez eginak.