Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ikuspegi

iz. Ikuslearen aurrean agertzen den lurralde eremua. || Ikusten den gauza. || Ikuspuntua.  v  Art. Bi dimentsioetako gainalde lau batean, itxurazko sakontasunaren bitartez, objektuen bolumena irudikatzeko aukera ematen duen marrazteko era. Ikuspegiak objektuaren itxura du oinarri, nondik begiratzen zaion kontuan hartuta aldatu egiten baita objektu horren forma eta kolorea.  v  Ikuspegi lineala. Irudiaren forma edo inguruko lerroak marrazten dituen ikuspegi mota. Ikuslearen begia da irudiaren itxura aldarazten duena, eta horren araberako hainbat lege eta ondorio badira. Ikuslearen begira objektuaren alde guztietatik izpiak iristen diren bezala, ikuspegi lineala erabiltzen denean marrazkilariak gainaldearen barrualdeko irteera-puntu beretik irteten diren marrak erabiltzen ditu. Adibidez, neurri bereko bi objektu jartzen badira ikusmenean, bata gertuago eta bestea urrutiago, atzekoa txikiagoa dirudi beti, eta bien arteko tartea zenbat eta handiagoa izan atzekoa orduan eta txikiagoa dirudi.  v  Aireko ikuspegia. Irudien urruntzea irudikatzen duen ikuspegi mota. Gainaldearen erdigunera hurbiltzen diren marrak ezabatu egiten dira, formaren eta kolorearen mugak kentzen dira, eta irudiak oso itxura erreala hartzen du urrutitik begiratuta. Irudi batean mendien kolorea adibidez, argiagoa edo itzaliagoa da ikuslearen lekuaren arabera, eta hori irudkatzen du aireko ikuspegiak.