Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ikusmen

iz. Gorputzaren zentzumena, begietan datzana, eta irudiak sumarazten dituena, bista. || Ikuslearen begien irispidea.  v  Ikusmenak zoologia sailkapenaren maila bakoitzean berezitasun desberdinak ditu. Eboluzio maila oso apaleko animaliek ikusmen lausoa izaten dute, fotohartzaile mugaturik gabea. Animalia mota garatu ahala, ikusmena ere garatzen da. Honela, ugaztun gehienek argitasun eta iluntasun mailak sumatzen dituzte bakarrik eta ez koloreak; primateek eta gizonek dute ikusmen garatuena, ikusmen binokularra eta kolorezkoa baitute.  v  Ikusmenaren berezitasunak erretinak argiarekiko duen sentikortasunaren eta erretinan irudiak fokatzeko duen gaitasunaren ondorio dira; gauzetan islatzen diren argi izpiak, kornea pasa eta begi ninian zehar kristalinora iristen dira; kristalinoak erretinan fokatzen ditu eta bertatik ikusmen nerbioak garunera igortzen ditu irudiak; kristalinoaren forma gihar ziliarren bidez aldatzen da eta honela gauzak distantzia desberdinetara foka daitezke. Irudia erretinaren puntu egoki batean eratzen bada begia emetropea dela esaten da, behar bezalakoa; irudia erretinaren aurrean eratzen denean, begia miopea izaten da; eta erretinaren atzeko aldean sortzen denean berriz hipermetropea. Astigmatismoa kornearen kurbaduran izaten den berezko akatsa da; ikusmen akats horiek betaurreko, lente eta ebakuntzen bidez zuzen daitezke.  v  Ikusmen binokularra. Opt. Bi begiek ikusten dituzten eremuak bata bestearen gainean ezartzen dituen ikusmen mota; ikusmen binokularrari esker erliebea antzeman daiteke. ik. binokular.  v  Ikusmen nerbioa edo ikus-nerbioa. Ikusmenaren nerbio eragingarriak erretinatik garunera eramaten dituen nerbioa. Egiturari dagokionez ikusmen nerbioa erdiko nerbio sistemaren osagaietako bat da. ik. begi.