Iguzkitza
Nafarroako hego-mendebaleko ibarra eta udalerria (Lizarrako merindadearen hegoaldea). Igúzquiza du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Metauten eta Allin; ekialdean, Aiegi; mendebalean, Abaigar eta Doneztebe-Deio, eta hegoaldean, Lukin, Deikaztelu eta Donestebe-Deio. Garaiera, 515 m. 17,39 km2. 1999ko datuen arabera, 362 biztanle ditu (iguzkitzarrak). Honako kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Azketa, Iguzkitza, Labeaga eta Urbiola. Ega ibaiak eratzen du udalerriko iparraldeko muga. Hizkuntza, gaztelania. XVIII-XIX. mendeetan galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, bazkarako landareak, ardi azienda) eta janari industria dira hango ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira San Andres eliza (XII. m.), Azketako San Pedro eliza, Labeagako eliza, Urbiolako Egilaz jauregia (XVII. m.) eta Iguzkitzako jauregi-gaztelua. v Historia. 1185. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Iguzkitzako herria. 1263. urtean foruak jaso zituen Teobaldo II.a erregearen eskutik.