Iggy Pop
Estatubatuar musikaria (Ann Arbor, Michigan, 1947). 1967an hasi zen ospea irabazten, punk mugimenduaren aitzindari izan zen The Stooges taldea osatu zuenean. Izugarrizko iskanbilak sortzen zituen zuzeneko kontzertuetan, bere buruari ebakiak eginez eta entzuleen gainera jauzi eginez. 1968an Elektra diskoetxeak The Stooges diskoa editatu zuen, Velvet Undergroundeko John Calek ekoitzirik. Disko horretan punk britainiarrentzat himno bilakatu diren zenbait kanta daude: No Fun eta I Wanna Be Your Dogs, esate baterako. 1970ean Funhouse kaleratu zuen taldeak, eta 1972an Raw Powder, David Bowiek ekoitzia. Gero eten bat izan zen, Iggyren drogamendekotasuna eta buruko gaitza zirela-eta. 1976an The Idiot atera zuten, berriz ere Bowierekin, eta horren ondotik beste hiru disko egin zituzten elkarlanean: Lust For Life, TV Eye eta New Values. 1980ko hamarkada izan zen Iggy Popentzat arrakastatsuena, Soldier diskoarekin hasi zuen hamarkada, eta 1986an Blah Blah Blah (berriz ere Bowierekin), 1988an Instinct, 1990ean Brick By Brick eta 1993an American Caesar lanekin osatu zuen. Musika egiteaz gainera, tarteka zineman ere agerraldiak egin zituen. 1996an Naughty Little Doggie diskoa kaleratu zuen, baina ez aurrekoen arrakastaz. Ondoren Nude + Rude: The Best Of Iggy Pop bilduma argitaratu zuen.