Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

idazmakina

iz. Idazteko makina.  v  Burdinazko pieza txiki batzuek, tinta duen zinta bat aurrean dutela, papera jotzen dutenean letrak irudikatzen dituen makina. Burdinek tekla bana dute tekla tokian; papera pieza biribil batean jarrita dago, eta teklari eragiten zaion bakoitzean paperaren lekua mugitu egiten da. XIX. mendean hasi ziren lehenengo idazmakinak egiten, baina gehienak pisu handikoak ziren, pianoen antzekoak, eta oso motelak. 1867an eta 1868an Christopher Latham Sholes-ek makina lasterragoak eta arinagoak asmatu zituen. Merkatuan 1874an jarri zituzten salgai makina horiek Remington izena zutela. Mark Twain izan zen bere lanean idazmakina erabili zuen lehenengo idazle ezaguna. Hasierako makinek letra larriz idazten zuten, eta ez zuten letra xeheak eta larriak bereizteko modurik. 1878an egin zuten, zilindroa jasota, letra larriak eta xeheak bereizten zituen lehenengo makina.  v  Idazmakina elektrikoa. Teklei eragiteko motor elektrikoa duen idazmakina. Teklari eragiten zaionean abiatzen da motorra. Arinagoak eta lasterragoak dira bestelakoak baino, indar gutxiago egin behar du idazten duenak, eta zeinu berdinagoak eta irakurterrazagoak idazten ditu. Thomas A. Edisonek asmatu zuen 1872an.