Ibáñez Serrador, Narciso
Uruguain jaiotako zinema eta telebista zuzendaria (Montevideo, 1935). 1947tik Espainian bizi da. Telebistarako egin dituen saioek ospe handia eman diote. Bereziki aipagarriak ditu Un dos, tres (lehen garaikoa, 1972-1978 bitartekoa izan zen arrakastatsuena, nahiz eta gero, 1982-1988 eta 1991-1994 bitarteetan jarraipena izan zuen) eta Hablemos de sexo (1990), non maisutasun handiz bildu baitzituen dibertsioa eta pedagogia, umorea, erotismoa eta kultura. Gurasoak antzezleak zituen eta antzerki lanak idazten hasi zen. Baina gero zinemarako eta telebistarako idatzi zuen. RTVE-ren (Espainiako irrati-telebistaren) hasieran, Historias de la frivolidad (1967) egin zuen, historian zehar erotismoaren eta zentsuraren arteko borrokaren ikuspegi umoretsua eskainiz, eta Historias para no dormir (1970), beldurrezko istorioak, nazioartean sarituak biak. Zineman La residencia (1969) eta ¿Quién puede matar a un niño? (1976), biak beldurrezkoak, zuzendu ditu. Berrikiago, eta betiere RTVErentzat, Waku-Waku (1990) eta El semáforo idatzi eta zuzendu ditu.