Horthy von Nagybanya, Miklos
Hungariar politikaria (Kenderes, 1868 - Estoril, 1957). Kalbinista aitonen semeen familia batean sortu zen eta Fiume-ko (gaur egun Rijeka) itsas armadako akademian egin zituen ikasketak. Frantzisko Josef Austriako enperadorearen gai militarretako laguntzaile (1909) izan ondoren, Lehen Mundu Gerran Austria-Hungariako itsas armadako buruzagi gorena izatera iritsi zen. Bela Kun-en aurkako gobernu kontrairaultzaileko kide izan zen, 1919ko azaroan Budapest-era sartu zen, gudaroste nazionala bere mendean zuela. 1920ko martxoaren lehenean Biltzarrak Hungariako erregeorde izendatu zuen. Estatuburu zela, habsburgotarrek berriro erregetza hartzeko egin zituzten ahaleginak galarazi eta askatasunen aurkako politika bideratu zuen, komunistak eta juduak harturik bereziki erasogai. Bigarren Mundu Gerraren hasieran neutro izaten saiatu zen eta nazionalsozialismoa guztiz gogoko ez bazuen ere, azkenean Alemania eta Italiaren alderdira bildu zen. 1944an alemaniarren okupazioa eta haiek ezarritako gobernua onartu behar izan zuen. Sobietar tropak Hungarian sartzen ari zirela, haiekin negoziatzen saiatu zen, baina SSek bahitu zuten eta Alemaniara eraman. Gerra amaieran ihes egin zuen eta Portugalen hartu zuen bizilekua.
- horrezkero
- horst
- hortakotz
- hortaz
- hortentsia
- Horthy von Nagybanya, Miklos
- hortxata
- hortxe
- hortz
- hortzikatu, hortzika, hortzikatzen
- hortzikatze