Honduras
(Izen ofiziala, Hondurasko Errepublika; Gazt., República de Honduras). Erdialdeko Amerikako estatua Mugak: iparraldean, Karibe Itsasoa; ekialdean, Karibe Itsasoa eta Nikaragua; hegoaldean, Nikaragua, Ozeano Barea (Fonsecako golkoa), eta El Salvador; mendebaldean, El Salvador eta Guatemala. 112.088 km2 eta 7.326.496 biztanle (hondurastarrak). Hiriburua: Tegucigalpa (1.250.000 biztanle, tegucigalparrak). Hizkuntza: gaztelania (ofiziala), indiar hizkuntzak. Etniak: mestizoak % 90, amerindiarrak % 7, beltzak % 2, zuriak % 1. Erlijioa: katolikoak % 85, protestanteak % 10. Dirua: lenpira. ■ Lurraldea. Lurraldearen hiru laurden baino gehiago mendia eta oihana diren herrialde honetan, biztanleak eta ekonomia jarduera nagusiak Karibeko kostan eta hegoaldeko goi lurretan daude bilduta. Kostaldean Erdialdeko Amerikako banana sail handienak daude. Hegoaldean kafea, tabakoa eta artoa lantzen dira. Baso galera, lurraren erabilera desegokia eta neurrigabeko hazkundea dira ingurumenaren arazo nagusiak. ■ Biztanleak. Biztanleen % 90 mestizoak dira, maien eta europarren nahasketaren ondorengoak. % 7 inguru indiarrak dira, % 2 afrikar jatorrikoak eta % 1 europarrak edo europar jatorrikoak. Garai batean bizi ziren indiarretatik, beraz, gutxi geratzen dira: lenkak dira talderik handiena; hispaniar kultura beretu dute eta Sierra de la Paz mendietan, Intibucan eta Lenpiran bizi dira. Gaztelaniaz mintzatzen dira, baina beren kultura ezaugarri batzuk gorde dituzte, hala nola jantziak, dantzak (guanasco-a), edaria (chicha) eta abar. Pipileak gutxi dira eta Ocotepequen bizi dira gehienak. Chorotegak talde txikitan banatuta bizi dira El Paraiso departamenduko zenbait herritan. Xicaqueak Yoron eta Francisco Morazanen bizi dira, Hondurasko egungo kultura molde nagusia erabat beretuta. Beren bizimoldea eta kultura osorik gorde duten indiar bakarrak La Montaña de la Flor-ekoak dira. Paya indiarrak Olanchon eta Colonen bizi dira, eta duela gutxi arte gorde dute beren kultura. Sumoak talde txikietan banatuta daude, desagertzeko zorian, Guanpu eta Patuka ibaien elkargunean, Olanchon, eta Wampusirperen hegoaldean, Patuca ibaiaren ertzean, Gracias a Dios departamenduan. Miskitoak ere Gracias a Dios departamenduan bizi dira; beren hizkuntza eta ohiturak gorde dituzte. Garifunak, ihes egindako esklaboen eta indiarren ondorengoak, Karibeko kostan eta uharteetan bizi dira. Beren ohiturak eta hizkuntza, garifuna, gorde dute. ■ Hondurasko hiri nagusia, hiriburuaz gainera, hauek dira: San Pedro Sula (368.000 biztanle), ipar-mendebaldeko hiri eta merkataritzagune nagusia; El Progreso (81.200 biztanle), herrialdearen mendebaldeko hiriburua; Choluteca (72.800 biztanle); hegoaldeko merkataritzagune nagusia; La Ceiba (86.000 biztanle) eta Puerto Cortés (34.000 biztanle), Karibeko portu garrantzitsuenetakoak. Hizkuntza ofiziala gaztelania da, baina bertako hizkuntzak asko hitz egiten dira, Karibeko kostan gehienbat. ■ Batez besteko bizi itxaropena 69 urtekoa da; alfabetatze maila, % 73; 1.000 jaioberritatik 29 hiltzen dira urtea bete aurretik; 22 sendagile daude 100.000 pertsonako.Kultura. Hondurasko mendebalean izandako maia zibilizazioaren hondakinak Copan hiriko Museo Regional de Arqueología Maya-n ikus daitezke, eta baita eraikuntza askoren aztarnak ere han hurbilean. Margolaritza eta literaturak Espainiako kulturaren eragin handia jaso du. XX. mendeko margolaririk bikainenak Carlos Garay ikuspegi margolaria eta Antonio Velásquez izan dira. Idazleen artean, aipatzekoak dira Rafael Helliodoro Valle eta Clementina Suárez poetak. ■ Ekonomia. Hondurasko ekonomiak oinarrizko edo egiturazko arazo asko ditu, hala nola gai bakarreko nekazaritza bultzatzeak dakarren morrontza, oinarrizko gaien esportazioen mende egotea, eta industrializazio urria. Nekazaritza da langile gehien hartzen dituen ekonomia jarduera, eta bananaren produkziora eta esportaziora bideratuta dago neurri handi batean. Bananaz gainera, kafea, tabakoa eta kokoa ere esportatzeko lantzen dira, eta arroza, azukre kanabera, artoa, palmondoa, garia, basartoa, frutak, barazkiak eta babarrunak bertan kontsumitzeko. Lurrik emankorrenak iparraldeko lur apalak eta erdialdeko goi ibarrak dira. Ozeano Barearen aldeko lur apaletako sumendi eta alubioi lurretan sesamo haziak, kotoia eta laboreak lantzen dira. ■ Mea baliabideak badira, baina meatzaritza ez dago oso aurreratua: antimonioa, burdina, ikatza, merkurioa, kobrea, karea, zinka, marmola, gatza, beruna, urrea eta zilarra ateratzen da. Industriari dagokionez, erdiko mailako enpresa asko dago, teknologiaz ez oso aurreratuak eta baliabide urrikoak. Zementu, burdina eta altzairu lantegiak, janari industria, ehundegiak, zura eta paper fabrikak dira nagusiak. Turismoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Copángo hondakinak (maien inperioko hiri nagusietako bat), Yojoa aintzira (arrantzarako eta ontziz ibiltzeko egokia), eta iparraldeko itsasertzeko eta uharteetako hondartzak dira turisten erakargarri nagusiak.■ Historia. Maia zibilizazioaren parte zen Honduras Kolon aurreko garaian. 1502. urtean heldu zen Kolon Honduras deitu zuten lurretara, eta 1522an hartu zuten espainiarrek bizitokia eremu hartan. Hasieran istiluak izan ziren konkistatzaileen artean; Hernán Cortés garaile atera zen eta haren aginduetara ekin zitzaion, 1524an, Hondurasko indiarrak menderatzeari; 1537an menderatu zituzten indiarrak, bakerako elkarrizketetan espainiarrek Lenpira buruzagia hil zutenean; indiarrak oso urritu ziren, gerragatik ez ezik eritasunengatik eta esklabotasunarengatik. Honduras ez zen sekula kolonia independentea izan. 1539a ezkero Guatemalako parte zen eta Espainiako erregeak izendatutako gobernadore baten mende egon zen gero. Garai hartako ekonomiak zilar eta urre meatzen ustiakuntza izan zuen oinarri; bien bitartean, zurien eta indiarren arteko nahasketen ondorioz, eta baita meategietan edo etxeko lanetan esklabo aritzeko ekarri ziren beltzekiko nahasketen ondorioz ere, mestizoak ugalduz joan ziren. XVI, XVII eta XVIII mendeetan kortsario eta piratek eraso franko egin zuten, eremu haiek espainiarrek maiz egiten zuten joan-etorrien erdian zeudela eta. 1821ean Hondurasek bat egin zuen Guatemalarekin Espainiaren aurka, eta urte bat geroago Agustín Iturbide mexikarraren inperioaren parte bilakatu zen. 1823an Erdialdeko Amerikako Probintzia Batuen independentzia aldarrikatu zen eta, Hondurasek, 1838an lortu zuen berea; urte horretako azaroaren 5ean eratu zen lehendabiziko konstituzioa. 1876an, liberalek lehendakaritza lortu eta Erreforma deitu zen aro bati hasiera eman arte, Eliza Katolikoaren interesen alde egin zuen alderdi politiko kontserbadorea izan zen nagusi Hondurasen, ekonomia egoera larria, gerra zibilak eta gobernu aldaketa ugariak ezaugarritzat izan zituen garai batean. ■ XX. mendearen hasieran gobernua kolokan egon zen Nikaraguarekiko istiluak zirela eta; Estatu Batuek beren ekonomia interesak zaindu nahian itsas gudarosteak bidali zituzten behin baino gehiagotan lurralde hartan beren legea jartzera. 1919an Alderdi Nazionala, militarren aldekoa, eta Liberala, militarren kontrakoa, eratu zirenez gero bi talde horien arteko norgehiagoka izan du ezaugarritzat Hondurasko politikak. 1932an Tiburcio Carías Andino jenerala hautatu zuten lehendakari eta bere agintaldi autoritarioaren aurkako hainbat matxinadari aurre egin behar izan zion. Carías Andinoren ondorengo gobernuek labur iraun zuten. 1957. urtean Ramón Villeda Moralesek konstituzio berri bat idatzarazi zuen. 1963an, Osvaldo López Arellanok estatu kolpea jo eta Villeda Morales kendu zuen kargutik. 1965ean konstituzio berri jarri zen indarrean. 1960ko hamarkadan hainbat istilu izan zen El Salvador-en eta Hondurasen artean (300.000 langiletik gora heldu zen El Salvadorretik), 1980. urteko bake hitzarmenarekin amaitu zirenak. 1980ko hamarkadan Guatemalako eta El Salvadorreko iraultzek eta Nikaraguako gerrak eragin handia izan zuten Hondurasen. ■ 1981eko hauteskundeen ondoren, Alderdi Liberaleko hautagaiak, Roberto Suazo Córdobak, hartu zuen herrialdearen lehendakaritza, 1982ko urtarrilean. Lehendakari berriak onartu zituen lehenengo neurrien artean aipagarria da oinarrizko gai batzuen prezioa igotzea eta, terrorismoaren aurkako lege berri baten barruan, greba egiteko eskubidea ukatzea. Garai hartan talde paramilitarrek oztoporik gabe jarduten zuten, eta oposizio politikoaren ordezkari asko “desagertu” ziren. Bestalde, Hondurasko gobernuaren onespenarekin, Estatu Batuek eta «contra» nikaraguarrak baseak kokatu zituzten Hondurasko lurraldean Nikaraguako iraultzari aurre egiteko. Estatu Batuetako gudarosteak 1.200 soldadu inguru eraman zituen, eta gerran zuzenean parte hartzeaz gainera, prestakuntza militarra eskaini zuen, laguntza ekonomikoa eta logistikoa eman zion Hondurasko gudarosteari, eta azpiegitura obrak egin zituen. “Contra” nikaraguarrak 15.000 soldadu inguru zituen, eta horiez gainera, 30.000 iheslari nikaraguar zeuden. 1985ean Estatu Batuetako gudarosteak (7.000 soldadu) maniobrak egin zituen Nikaraguako mugatik gertu. 1985eko hauteskundeetan José Azcona Hoyo atera zen garaile, Alderdi Liberalekoa. Lehendakari berriak laguntza eskatu zion Washingtoni “contra”-k herritik atera ahal izan zitezen, eta atzerritarren inbertsioa erakartzen saiatu zen. Estatu Batuetatik iristen zen diru laguntzaren erabilerak erabat usteldu zuen Hondurasko gudarostea. Gastu publikoa murrizteko ahaleginek eta pribatizazio planak porrot egin zuten; nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean izugarria zen langabezia, % 90 ingurukoa. 1989an Rafael Callejas Alderdi Nazionaleko buruak, erraz irabazi zituen hauteskundeak, iruzur egin izanaz akusatu zuten arren. Estatu Batuen eta enpresaburuen babespean, Callejasek ekonomiaren erabateko liberalizazioa bultzatu zuen. 1990ean, Nikaraguako hauteskundeetan sandinistak galtzaile atera ondoren, Hondurasek Estatu Batuetatik jasotzen zuen laguntza gutxitzen hasi zen. Urtearen hasieran gobernuak zergak igo zituen, erregaien prezioa % 50 igo zuen eta diruaren balioa gutxitu zuen. Abenduan gobernuak preso politikoei amnistia ematea onartu zuen. Terrorismoaren aurkako legea ezeztatu zen, eta alderdi politiko guztien artean hitz egiten hasi ziren. 1991ko urtarrilean ezkerreko lau buruzagi politiko Hondurasera itzuli ziren erbestean zortzi urte igaro ondoren, eta borroka armatuaren amaiera iragarri zuten. 1991ko urrian “Fuerzas Populares Revolucionarias Lorenzo Zelaya” izeneko talde armatuak uko egin zion borroka armatuari. Gudarosteko komandantea, Arnulfo Cantarera, giza eskubideak urratzeaz akusatu zuten eta kargutik kendu zuten. Haren ordez izendatu zuten jenerala, Luis Discua, aginpide militarrak bizitza politikoan esku hartzearen aldekoa zen. Hondurasko giza eskubideen batzordeak oposizio politikoko kideak hil izana leporatu zien militarrei. Hauen aginpidea gero eta handiagoa eta egoera politikoa kaskarra izateaz gainera, egoera ekonomikoa ere okertuz zihoan, are gehiago Estatu Batuen diru laguntza eten zenez geroztik. 1993ko hauteskundeetan oposizioko hautagaia, Carlos Roberto Reina, atera zen garaile. Gobernu berriaren aurreneko erabakietako bat derrigorrezko soldadutza ezeztatzea izan zen. Dena dela, 1994ko abuztuan, eta militarren eskaerari amore emanez, gobernuak soldadutzarako deialdi bat egitea onartu zuen, gudarostean hutsik zeuden 7.000 leku betetzeko. Gobernuak, bestalde, Ikerketa Zuzendaritza Nazionala desegin zuen, atxilotuak torturatzeaz akusatuta. Banana esportazioen beherakada zela eta, banana konpainia nagusiak (Estatu Batuen jabetzakoa) lau lantegi itxi zituen eta hiru mila langile kanporatu zituen. Gobernuak lantegiak zabaltzera eta langileak berriro hartzera behartu zuen. Azkenik, negoziazio gogorren ondoren, 1.200 langile hartu zituzten berriro. Bien bitartean, Legebiltzarrean segurtasun publikoa aginte zibilaren eskuetan uzteko prozesua hasi zen, polizia lana gudarostearen eskuetan baitzegoen artean. Polizia zerbitzu berria, Israelgo poliziak eta Estatu Batuetako FBIk entrenatuta, 1995eko urtarrilean hasi zen lanean. Urte hartan bertan gobernuko goi funtzionario batzuk espetxean sartu zituzten pasaporte ofizialen trafikoarekin zerikusia zutelakoan. 1996ko hasieran, soldatak % 25 igotzearekin batera, oinarrizko produktuen prezioa % 30 igo zen. Soldatak igotzeko manifestazio asko egin ziren, sektore publikoan batez ere. 1997ko urrian poliziak ez zuen utzi 400 bat lagunek espainiar konkistatzaileei aurre egin zien indiar buruzagi Lenpiraren estatua bat jar zezaten Tegucigalpan; leku hartan bertan Kristobal Kolonen estatua bat lurrera eraitsi eta puskatu zuten. Azaroko hauteskundeetan Alderdi Liberalak botoen % 53 eskuratu zituen. Lehendakari berria, Carlos Flores, batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko prest agertu zen. 1998ko irailean Mitch urakanak sekulako triskantza egin zuen Erdialdeko Amerikan: kalte material izugarriak sortzeaz gainera, 24.000 pertsona hil ziren. Hondurasen 1.300.000 pertsona etxebizitzarik gabe gelditu ziren, 6.000 pertsona hil ziren eta beste 8.000 desagertu. Ondoren, Hondurasko Banku Zentralaren lehendakari ohia iritsi zen gobernura, Ricardo Rodolfo Maduro Joest. Politika ekonomiko neoliberala bultzatu zuen eta Hondurasi kanpo zorraren zati handia barkatzea lortu zuen. Hainbat lege ezarri zituen delinkuentziari aurre egiteko, baina Manuel Zelayaren gobernuak (2006az geroztik gobernuan) konstituzioaren kontrakotzat jo zituen.
http://www.gob.hn/