Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hilobi

iz. Hila ehorzten den hobia. v Hist. Antzinako kultura askotan hilak etxean ehorzten zituzten, eta hilobiak ohitura horren arabera etxeen antzera eraikitzen zituzten (txabola biribilak, hildakoaren tresnak, arropak… eta guzti, hilak heriotzaz beste aldeko bizitzan erabil zitzan). Geroago harrizko hilobi handiak egin zituzten, baina oraindik ere etxe itxura zutela. Arkeologia ikerketetarako laguntza handia izan dira hilobiak. Erreginen hilobietan, tresnez gainera, zerbitzariak ere ehorzten zituzten, heriotzaz beste aldeko bizitzan ere erreginen zerbitzari izan zitezen. Kultura askotan hilobiekin batera hilen omenezko monumentuak eraikitzen ziren; Erdi Aroko kristauek zeruko etxetzat hartzen zuten hilobia (uste horrek Erromako katakonbetan izan zuen hasiera), eta elizetan, komentuetan eta baselizetan garai horretako eta geroagoko hilobi ugari dago. Errenazimentuaz geroztik sartaldean ia erabat galdu zen hilobia etxetzat hartzeko ideia. v Hilobi Santua. Jerusalemen, Kristoren hilobian eta Kalbarioan eraiki ziren monumentuei eman ohi zaien izena.