Hildebrandoren Kantua
(Al. Hildebrandslied). IX. mendearen hasieran (820. urte inguruan) Fuldako abadiako fraideek dialekto germaniar desberdinetan (bavariera, frantzikoa, behe-alemana) idatzi zuten 68 bertsoko poema epikoa. Elezaharraren arabera, Hildebrandok emaztea eta Hadubrando semea utzi zituen Teodoriko Handia erregearen ondoan egotearren. Hogeita hamar urteren buruan, gudaroste bateko buru itzuli zen Hildebrando bere herrira, eta han semearen aurka borrokatu beharra egokitu zitzaion, ez baitzuten elkar ezagutzen. Poemak mitologia indoeuroparrean oso erabilia izan den gaia hartzen du, aitaren eta semearen arteko borrokarena, alegia. Poema amaitu gabe utzi zuten Fuldako fraideek; hala ere, Islandiako saga baten arabera, Hadubrandoren heriotzaz amaitzen da.