Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hijuelos, Oscar

Estatubatuar idazlea (New York, 1951). Unibertsitate ikasketak amaituta, buru-belarri hasi zen literaturan lanean. 1978an Pushcart argitaletxeak “idazle apartatzat” ezagutu zuen, Colón descubre América (Kolonek Amerika aurkitu) narrazio laburrarengatik. Aipamen horren ondoren jaso zituen diru laguntzei esker, 1980tik aurrera idaztetik bizi ahal izan zen. 1983an bere lehen eleberri luzea argitaratu zuen, Nuestra casa del fin del mundo (Munduaren akaberako gure etxea). Eleberri hark 40ko hamarraldian Estatu Batuetara bizitzera joandako familia kubatar baten historia kontatzen du; ahoa bete hortz utzi zituen kritikariak eta irakurleak, eta literaturako Rome sari ospetsua irabazi zuen. 1989an bere bigarren eleberria aurkeztu zuen, Los reyes del mambo tocan canciones de amor (Manboaren erregeek maitasun kantuak jotzen dituzte); aurrekoaren ildotik, Habanatik New Yorkera beren musikaz hiriko taberna latinoak alaitzera doazen bi anaien gorabeherak kontatzen ditu. Bigarren eleberri horrek are harrera hobea izan zuen oraindik, eta Liburuaren Sari Nazionala eta Kritikarien Sari Nazionala irabazi zituen, 1989an, eta Literaturako Pulitzer saria 1990ean.