Higueras Díaz, Fernando
Espainiar arkitektoa (Madril, 1930). Madrilen egin zituen ikasketak. Artezalea izanik, pintura, eskultura eta argazki lehiaketa eta erakusketa askotan parte hartu zuen, baita sari eta aipamen asko jaso ere. Fernández Alva, Vázquez de Castro, Iñíguez, Miró, Fullaondo eta Moneorekin batera, Madrilgo Eskola mugimenduko kide izan zen, baina irizpide batasunik ezean, taldeak ez zuen lan askorik egin. Egin dituen lanen artean, aipagarriak dira, adibidez, lehenengoen artean, Hamar artistentzako etxeak (1960) eta Lucio Muñoz-en etxea (1962-1963). Bigarren horretan –Antonio Miróren lankidetzarekin egina– oso jarrera oparoa eta barrokoa erakutsi zuen, materialen erabilerari dagokionez. Beste obra batzuetan formaren adierazpenari eman zion lehentasuna, mugimendua birsortuz (1065, Madrilgo Zaharberritze Lanetarako Etxea), edo hormigoia espresionismoaren ezaugarrien arabera erabiliz (1967-1975, Militarren patronaturako etxebizitzak). Espainiatik kanpo egindako lanen artean, aipagarriak ditu, adibidez, Montecarloko erabilera anitzetarako eraikuntza (1969) edota Abu Dhabiko denda eta etxebizitza auzoak (1980). Parque del Sol Guadalminako turismoguneak eta Ocharan etxeak muntaketa estrukturalaren aberastasuna erakusten dute. Hirigintza lanetan ere sari asko irabazitakoa da. Aipagarria da, beste lan askoren artean, Lanzaroteko hirigintza proiektua (1969, New Yorkeko Arte Modernoko Museoan erakusgai).