hidrostatika
iz. Fis. Geldirik dauden isurkarien oreka baldintzak aztertzen dituen mekanikaren alorra. Gotorrak ez diren gaiak isurkariak edo gasak izan daitezke. Hidrostatikak aztertzen ditu isurkarien eta gasen izaera eta tasunak, eta hauen artean trinkotasuna, egiten duten presioa, barnean sarturik dauden gorputzen gainean duten eragina, etab. Hidrostatikari buruzko lehen lanak Arkimedesek egin zituen, eta hark finkatu zuen haren izena daraman hastapena. Ondoren Stevin-ek ere egin zituen lan batzuk, baina hidrostatikari benetako bultzada eman zion gizona Pascal izan zen, bere hastapen famatuarekin. ik. Arkimede, Pascal.