Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hezbola

Libanoko talde politiko musulman xiita, ekintza armatuak ere egiten dituena. Arabieraz "Jainkoaren Alderdia" esan nahi du. Taldea 1982an sortu zen, Hussayn Musawiren buruzagitzapean. Hasieran, Amal alderdi politikoaren parte izan zen, baina tirabirak sortu ziren alderdiaren eta Hezbolaren artean Irango iraultzaren ondoren (1979), eta Israelek Libano inbaditu zuenean, 1982an, taldea alderditik banandu zen. Hezbolak 5.000 kide inguru ditu. Babesa eta laguntza jasotzen du Iran eta Siriarengandik. Beiruten hegoaldean eta Biqaa Ibarrean ditu bere base handienak. Hezbola, bestalde, Palestina Aske baten aldeko Jihad islamiarra eta beste arabiar talde iraultzaile batzuen elkargunea ere bada. Mendebaldarrek Libanotik alde egitea eskatzen dute, eta libanoar kristauak auziperatu nahi dituzte beren herrikide musulmanen aurka egindako krimenengatik. Askotan, Hezbolaren etsai nagusia Israel izan da. Hezbolaren borroka jihad edo gerra santua da, eta borrokan hildako kideak shadid dira, martiriak, Paradisuan leku bat ziurtaturik dutenak. Hezbolak bere gain hartu zuen Estatu Batuetako enbaxadaren eta soldaduen kontrako erasoa, 1983koa, non Mendebaldeko eta Israelgo herritarrak bahitu baitzituen. Herritarrei eskaintzen dien gizarte laguntza programa bera da taldearen babes iturri nagusia. 1984an Sheikh Muhammad Hussayn Fadlallahk hartu zuen bere gain Hezbolaren gaineko ardura. Eraso gogorrak egin dizkio Israelgo gudarosteari Libano hegoaldean eta israeldarrei Israelgo iparraldean. Israeldarrek ere berdin jokatu dute taldearen kontra.