Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea (HASI)
Hego Euskal Herriko alderdia, ezker abertzalekoa, gaur egun desagertua. 1977. urtean sortu zen Aretxabaletako Biltzarrean, Eusko Sozialistak (ES) eta Euskal Herriko Alderdi Sozialista (EHAS) alderdiak elkartu zirenean. Alderdi independentista eta sozialista zen, eta hasieratik era askotako alderdi kideak izan zituen (marxista-leninistak, sozialistak, sozialdemokrazia zaleak…). Erabateko garrantzia izan zuen HASIren sorreran eta historian Santi Brouard alderdiko lehendakari izan zenak, eta 1984an Bilbon bere kontsultan ustez Espainiako estatuko gobernuarekin zerikusia zuten eskuindarrek tiroz hil zutena. Bi erakunderekin izan zituen HASIk harremanak bere sorreraz geroztik, KAS erakundearekin alde batetik, eta Altsasuko Mahaiarekin eta geroago Herri Batasunarekin bestetik, eta bietan parte hartu du. 1978an egin zuen lehenengo Biltzarra (Urberuagan eta Lekeition), eta bertan KAS erakundearekiko harremanak aztertu ziren. Handik talde bat bereizi zen, EKIA, gero Euskadiko Ezkerran sartu zena. HASIk II. Biltzarra 1983an izan zuen eta III.a Zestuan 1987an. Azken horretan beste talde bat bereizi zen HASI alderditik, Txomin Ziluaga alderdiko idazkari orokorra buru zuena. Baina talde horrek ez zuen beste programarik aurrera eraman eta pixkanaka alderdira edo ezker abertzaleko beste erakundeetara itzuli ziren alderdiko kide ohiak. Lizarran izan zen IV. Biltzarra eta Gasteizen V.a 1992an. Gaur egun, eta KAS erakundeak azken 10 urteotan izan dituen azterketen eta aldaketen ondorioz, HASI alderdiak azken Biltzarrean (1992an) alderdi izateari utziko ziola erabaki zuen, eta nahi zuten kideek KAS erakundean parte hartuko zutela.
- herrialde
- Herriberri-Artzibar
- herribildu
- herriburu
- herrikide
- Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea (HASI)
- herrikoi
- herrikoitasun
- herrikoitu, herrikoi(tu), herrikoitzen
- herrimin
- herriño