Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko autonomoa, Eusko Jaurlaritzaren kultura sailari atxikia, eta Euskararen normalizaziorako legearen bidetik, esparru bereko beste erakunde eta taldeekin batera, pertsona helduak alfabetatzen eta euskalduntzen diharduena. 1981ean sortu zuen Eusko Jaurlaritzak eta 1983an lege bidez onartu zuen Legebiltzarrak. Haren eginkizunak dira, besteak beste, euskaltegien funtzionamendua bultzatzea eta bermatzea, ikas-irakaskuntzako programak finkatzea, material pedagogikoa (idatzizkoa, ikusentzunezkoa eta informatikoa) sortzea eta erabilpen irizpideak eskaintzea, irakasle eta arduradunen trebakuntzan aritzea, euskararen erabilera sustatzea, eta jarduera hauen inguruko diru laguntzak bideratzea. HABEk zenbait aldizkari argitaratzen ditu: Habe aldizkaria (1981), Habeko mik (1982), Zutabe (1983), UNESCOren albistaria (1984). Beste argitalpen batzuk: Itzulpen Saila (1984), Alfabetatze nahiz euskalduntzeko prozesu osoetarako langaiak, eta Ikas-txip (euskalduntzeko material informatikoa).