Heaney, Seamus
Irlandar poeta eta saiakeragilea (Derry, 1939). Ingeles literaturako ikasketak egin zituen Belfasteko Queen's Universityn (1961). 1966an unibertsitate horretara bertara itzuli zen, irakasle gisa, eta Ipar Irlandako garai hartako bortxazko egoera politikoak sakon hunkitu zuen. 1962an bere lehenengo poemak argitaratu zituen, aldizkarietan, Incertus ezizenaz. Belfasteko literatura giroa ezagutu zituen, eta poeta gazteen elkarte bat sortzen lagundu zuen. Garai hartako poesiek Ipar Irlandako herri giroko bere esperientzia pertsonalak biltzen dituzte. Horrelakoak idazteagatik abertzale irlandartzat zeukatela ohartu zenean, Ulster-etik alde egin zuen eta Irlandako Errepublikara joan zen bizitzera familiarekin. Handik aurrera bere poesia gai unibertsaletara zabaldu zen, eta sinbolismorantz egin zuen, gauza misteriotsu eta anbiguoekiko zeukan lilura agerian jarriz. Heaneyren obretako batzuk pisu handikoak dira poesia unibertsalean: North (1975, Iparra) da haren lanik hoberena, Ulsterri buruzko inpresio sorta bat. Lan nagusiak: Death of a Naturalist (1966, Naturalista baten heriotza), Door into the Dark (1969, Atea ilunpetan), Field Work (1979), Selected Poems (1980, Olerkia hautatuak), Preoccupations: Selected Prose (1980, Kezkak: prosa hautatua), Station Island (1984), The Haw Lantern (1987) eta The Government of the Tongue: Selected Prose 1978-87 (1988), besteak beste. 1990ean antzerki lan bat idatzi zuen, The Cure at Troy: A Version of Sophocles “Philoctetes”, antzinako antzerki lanaren bertsio modernoa, oso harrera ona izan zuena. 1995ean Literaturako Nobel saria irabazi zuen.
- hazteritsu
- haztetxe
- HB
- Hb
- He
- Heaney, Seamus
- Hearn, Lafcadio
- Hearst, William Randolph
- Heath, Edward
- Heavy Metal
- hebain