hazi 2
iz. Landare berri bat sor dezakeen fruituaren zatia. || Animalia arren ernal organoei darien gaia. || Irud. Zerbaiten iturburua edo kausa sortzailea.
■ Hazi jartzea. Animalia etxekotu mota bateko ar hazia edo esperma emearen sexu organoetan jartzea, ernalketa gerta dadin; ernalketa hori ondo irteteko beharrezkoak diren ebakuntza eta jarduera multzoa. Mende erdia baino gehiago da in vivo hazi jartzea (animalian) egiten dela herrialde aurreratuetan, eta gaur egun behi gehienak era horretan ernaltzen dira. Beste animalia batzuk ere, zerriak, ahuntzak, ardiak, zaldiak eta baita hegaztiak ere, sistema horren bidez ernaltzen dira, baina behiak baino gutxiago. Behientzat, esate baterako, hazi jartze artifizialeko zentro batean jasotzen da esperma, zezen bati bagina artifizial bat ipiniz. Hazia jaso ondoren, kalitate kontrola egiten zaio: esperma diluitu egiten da, espermatozoideek bizirik iraun dezaten eta dositan zatitu ahal izateko. Polibinilo kloruroa duten hodietan jartzen da esperma hori eta hoztu egiten da ondoren (4º C 90 minututan). Gero, nitrogeno likidoan sartu eta izoztu egiten da (-196 ºC 10 minututan). Ontzi kriogenikoetan gordetzen da azkenik. Abeltzainak eskatzen duenean hazi jartzaileak ernalketa egiten du, hazia umetokian jarriaz. ■ In vivo ernalketaz gainera, azken hamarraldian asko hazi da in vitro ernalketa sistema. In vitro ernalketa laborategian egiten da aurretik jasotako obuluak animalia bati sartuaz eta baita enbrioiak animalia batetik bestera eramanaz. Hazi jartzearen bidez zorroztasun handiz kontrolatu dira ernaltzeak, eta horrek garrantzi handia izan du produktibitatean, batez ere, animalia etxekotuen kalitate genetikoaren hobetzeari dagokionez; kalitate genetiko handia duen zezen batek behi asko ernal ditzake. v Biol. Ernalkuntzaren ondoren obulua eraldatzean, ernalkuntzaren ondorengo garapen fasean alegia, sortzen den organoa. Enbrioia (garatzen denean landare berria emango duena), enbrioiaren estalkia edo endospermoa (elikagaiak dituena), eta haziaren estalkia edo tegumentua bereizten dira hazian. Tegumentua era askotakoa izan daiteke; gogorra, biguna, kolore desberdinetakoa, etab. Batzuetan hazia eta fruitua bereizi egiten dira eta izate oso bat osatzen du bakoitzak, baina beste batzuetan hazia fruituaren barruan hazten da; gimnospermoen haziak, adibidez, pinaburuen barnealdeko ezkatetan sortzen dira, eta angiospermoenak obulutegi ernaldu eta helduen barruan, fruituen barruan. Haziak biribilak izaten dira, gehienak txikiak dira eta kotiledoi edo hazi hostoak izaten dituzte; gramo batetik beherako pisua izaten dute baina badira astunagoak (27 kilotik gorakoren bat bada). Landare guztien haziek ez dute denbora bera behar izaten heldutasunera iristeko. v Animalia arren sexu guruinek jariatzen duten gaia, espermatozoideez eta sexu organoek isurtzen dituzten gaiez osatua. ik. esperma. v Hazi ziskua. Anat. Arraren sexu guruinetako bakoitza, semena osatzen duen isurkari gehiena jariatzen duena eta semena hazi hodietara isurtzen duena.