Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

haragijale

izond. eta iz. Haragia jaten duena. || Bereziki, animalietan, haragiz elikatzen dena. ik. haragizale. v Zool. Ugaztunen klaseko izen bereko ordenako animaliez esaten da. Tamaina guztietakoak badira, eta bizikera ere oso desberdina dute batzuek eta besteek. Gehienak haragia janez elikatzen dira, baina badira arrain jaleak, eta baita orojaleak direnak ere. Hortz egituraz eta kopuruz ere ez dira denak berdinak, baina gehienek 42 hortz dituzte. Barrugune handiko burua dute. Haragijaleen umeak ez dira jaio berrian beren kabuz baliatzeko gai izaten. Haragijaleen ordena hamar familiaz dago osatua: kanidoak (zakurra, azeria, otsoa…); ursidoak (hartza); prozionidoak (mapatxea eta panda); mustelidoak (erbinudea, mofeta, nutria…), biberridoak (basakatua, mangosta…), hienidoak (hiena); felidoak (katua); otaridoak (itsas lehoia eta itsas zakur belarriduna); fozidoak (itsas zakur belarrigabea) eta odobenidoak (mortsa). Itsas haragijaleak ozeano guztietan eta kontinente guztietako itsasaldeetan bizi dira, eta lehorrekoak ia kontinente guztietan sortuak dira. Haragijale txikiena Mustela nivalis da; 30-70 gramo bitarteko pisua du; lehorreko motarik handiena berriz, Alaskako hartz arrea da, 780 kiloko pisua har baitezake. Haragijaleen ordenako animaliarik handiena itsas elefanteak dira, asko 3.600 kilotara iristen baitira. v Haragijale hitza ugaztunez bestelako animalia batzuek izendatzeko ere erabiltzen da (intsektujale eta martsupial batzuk). v Landare haragijalea. Bot. Intsektujale ere esaten zaie, intsektuak eta beste animalia txikiak jaten baitituzte landareok. Hostoez eta lore hostoez baliatuz animaliak harrapatu, eta entzimen eta bakterioen bitartez desegiten dituzte. Gainerako animalien txegostearen antzeko prozesua da landare haragijaleek elikatzeko erabiltzen dutena. Hondakinak, nitrogeno gaiak eta gatzak bereziki, landareak bereganatzen ditu. 400 bat landare haragijale mota dago, eta talde handia osatzen dute. Landare haragijaleen erdiak baino gehiago Lentibulariaceae familiakoak dira. Loreak simetrikoak dituzte eta lore hostoak elkarren artean itsatsiak.