Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hannover

Ipar Alemaniako antzinako estatua, Behe-Saxoniako hegoaldean. Hasieran herri germaniarrak bizi izan ziren han; gero, saxoien aginpidean Brunswick dukerriaren barne gertatu zen. Brunswick etxekoen artean banatuta zeuden lurraldeak Ernesto Augustok batu zituen XVII. mendearen bukaeran, eta Hannover hiriburu ezarri. Jakobo I.a Estuardoren alaba Sofiarekin ezkondurik, Jorje Luis haien semea Britainia Handiko errege izatera iritsi zen. Halatan, 1714tik 1837ra Hannovereko hauteslea eta Britainia Handiko erregea pertsona bera izango zen. Garai hori aurrerapen eta oparotasun aldia izan zen Hannoverentzat, Zazpi Urteko gerra eta Napoleonen okupazioa jasan behar izan bazituen ere. 1814an erreinu bihurtu zen. 1837an, Gilen IV.a hiltzean, haren alaba Viktoria erreginak ezin izan zuen Hannover-ko erregetza beretu, lege salikoa zela eta. Prusiaren eta Austriaren arteko gatazkan, bigarrenaren alde jardun zuen. Prusiako probintzia bihurturik, betiere Prusiaren kontrako oposizioaren gunea izan zen. Egun Behe Saxoniako land-eko zatia da.