Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

habitat

iz. Animalia edo landare mota baten berezko ingurunea. v Animalia edo landare mota bat bizitzen eta hazten den inguruneari esaten zaio habitata, eta izaki bizia bertako izaera eta ezaugarri fisiko-kimikoetara moldatuta egon ohi da. Esate baterako, gizonaren bizilekuarekin lotuta, nekazari habitatak eta hiri habitatak bereizten dira. ■ Habitata animalia eta landare mota bat bizi den edo elikagaiak aurkitzen dituen ingurunea da. Habitata ingurune horretako baldintza fisiko eta biotikoei dagokie. Baldintza fisikoak klimari (tenperatura, euria, airearen hezetasuna, etab.), lurrari landareen kasuan (azidotasuna, gatz mineral kopurua, etab.) eta paisaia motari (mendia, ordokia, itsasertza, etab.) dagozkie. Baldintza biotikoak (basoa, belardiak, aintzirak), berriz, landare mota bati eta elikagai kopuruari dagozkie. Hala adibidez, kukuprakaren habitat nagusia mendiko baso hezeak, lur hareatsu eta harritsuak direla esan ohi da, eta panda handiaren habitat bakarra Txina mendebaldeko mendi garaietako banbu basoa dela. Animalia mota askok aldatu egiten dute habitata bizitzan zehar, bilakaera mailaren arabera. Eltxoaren larbak, esate baterako, uretan bizi dira eta partikula organiko txikiak jaten dituzte; eltxo helduak, aldiz, airean bizi dira, eta odola jaten dute emeek, eta belar zukua arrek. Zenbait animalia mota migratzailek urtean bitan aldatzen dute beren habitata, enarak edo zikoina zuriak esaterako, eta beste batzuek berriz, bizitzaren aldi jakinetan besterik ez dute habitata aldatzen: gaizkatak, adibidez, bi edo hiru urte arte ur-lasterretan bizitzen dira, helduak direnean itsasoan, ibaietan ugaltzen dira, eta ondoren, ozeanora itzultzen.