Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Guttuso, Renato

Italiar pintore eta eskultorea (Bagheria, Palermo, 1912 - Erroma, 1987). 1928an Pippo Rizzo pintore futuristaren lantegian hasi zen, eta harekin pinturaren alorreko joera berriak ezagutu zituen. 1934an, Milanen, Corrente taldeko artistekin harremanetan jarri zen. 1937an Erromara joan zen bizitzera eta bere lehenengo koadroa egin zuen, García Lorcari eskainia: Fucilazione in campagna. 1938an bakarkako lehenengo erakusketa egin zuen La Cometa galerian, Erroman. 1941ean Crocifisione koadro famatuak eztabaida handiak piztu zituen, bai erlijiosoen artean bai politikarien artean. Bigarren Mundu Gerran erresistentzian parte hartu zuen, eta Goot mit Uns margotu zuen, nazien sarraskiak salatzeko. 1945ean Fronte Nuovo dell arti taldeko kide egin zen, Fontana, Vedova, Morlotti, Turcato, Corpora eta Vianirekin, besteak beste. 1952an Veneziako Bi Urtekoan parte hartu zuen Battaglia al Ponte Ammiraglio obrarekin, eta eztabaida handiak piztu zituen berriro ere. 1965ean Uomo che legge il giornalle eskultura handia egin zuen. Guttusoren obran nabaria da Goyaren eta Picassoren Gernikaren eragina, estiloagatik ez ezik baita artista horiek beren obran txertatu zuten kutsu politikoarengatik ere.