gudu
iz. Bi aurkari edo aurkari talde armatuen arteko borroka. || Gudaldia. || Gerra. || Gudu-eten. Gudu etetea, aldi jakin baterako. v Kirol. Gudu antzea. Ia denak jatorriz Ekialde Urrunekoak diren borroka eta trebetasun kiroletako bakoitza; aikido, kung-fu, judo, karate eta kendo dira ezagunenak. Bi sailetan banatzen dira gudu antzeak: armak dituztenak (arkuak, lantzak eta ezpatak) eta armarik gabeak (eskuak eta oinak erabiltzen dituztenak). Antzinako Japoniako gudariek era guztiak ezagutzen zituzten, eta gudari ez zirenek ere gorputzaren mugimenduak ezagutzen trebatzen ziren, eta hala trebeak ziren armarik gabeko borrokan, eta labanak eta igitaiak erabiltzen. Gaur egun antzinako gudu antze armatuen ondorengoak dira: kendoa (ezpata erabiltzen da) eta kyudoa (arkua erabiltzen da), biak kirolak dira. Armarik gabeko gudu antzeetatik sortuak dira: judoa, sumoa, karatea, tae kwon doa, aikidoa, hapkidoa eta kung-fua, eta nork bere burua defenditzeko gudu antze gisa irakasten dira. Antzinako Txinan jatorria zuen tai chi-a gaur egun osasuna zaintzeko ariketa gisa erabiltzen da, eta antzina zuen gudu antze kutsua galdua du.