Goscinny, René
Frantses komiki egilea (Paris, 1926 - Paris, 1977). 1928-1945 urteen bitartean Argentinan bizi izan zen, eta diseinatzaile karrera hasi zuen han. Ondoren Estatu Batuetara joan zen eta Mad aldizkari satirikoaren sortzaile izango zirenekin harremanak hasi zituen. Hurrengo urtean, Jijé eta Morris belgikar diseinatzaileak ezagutu zituen. 1951n Frantzian hartu zuen bizilekua eta han Albert Uderzo ezagutu zuen. Harekin marrazki zerrenda ugari egin zituen, haien artean Oumph-Pah (Tintin aldizkarian, 1958-1962 bitartean) eta Asterix (1959an sortua Pilote aldizkarian). Azken horrek izugarrizko arrakasta izan zuen 1965. urte inguruan. Hainbat sail komiko egin zituen aldi berean, Uderzorekin egin zituen lanez gainera, Morrisentzako istorioak (Lucky Luke, 1955-1977), Sempé (Le Petit Nicolas, 1956-1964), Dino Attanasio (Spaghetti, 1957-1966), Jean Tabary (Iznogoud, 1962-1977) eta Gotlib (Les Dingodossiers, 1965-1967). 1960-1974 bitartean Pilote-ko arduradun izan zen, eta nerabeentzako aldizkari bihurtu zuen. Garrantzizko lana egin zuen frantses komikiaren bilakaeran.