Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gorputz

iz. Izaki bizidunen materiazko osagarria. || Enborra. || Hilotza, gorpua. || Materiazko zernahi gauzaki. || Gorputz(-)adar. Pl. Besoak eta zangoak. || Gorputz(-)enbor. Giza gorputzaren zati nagusia, burua eta gorputz-adarrak kokatuak daudena. v Fis. Elkarren artean tarteak dituzten materia zati txikiz (molekula, atomo eta atomo osagaiak…) osatua dagoen gai multzoa. Gorputzak zurrunak, malguak, molda errazak… izan daitezke, eta bakoitza nolakoa den edo zein ikuspegitik begiratzen zaion, dagokion fisikaren adarrak aztertzen du. v Gorputz beltza. Termodinamikan, bidaltzen zaion energia guztia bereganatzen duena. v Giza gorputza. Biol. Anatomiaren ikuspegitik hiru zati nagusi ditu: burua (burezurra eta aurpegia), enborra (bularraldean, biriken gunea, eta bihotza goian, eta diafragmaz azpitik, sabelaldean, urdaila, hesteak, gibela, pankrea, giltzurrunak eta gernu puxika), eta gorputz adarrak (bi goian, besoak, eta bi behean, hankak). Gorputzaren elikatze, harreman eta ernaltze funtzioak ondoko aparatu hauek betetzen dituzte: 1. Digestio aparatua, digestio hodiaz (ahoa, faringea, hestegorria, urdaila, heste meharra eta heste lodia) eta digestio guruinez (listuarenak, sabelekoak, hesteetakoak gibelekoak eta areakoak) osatua; janaria elikagai bihurtzen du, odolak edo linfak elikagai hori bereganatu ahal izateko; sistema honek gorputzarentzat erabilgarria ez den janaria deuseztatu egiten du orobat. 2. Arnasketa aparatua, arnasketa hodiek (sudur hodiak, laringea, trakea eta bronkioak) eta birikek (bronkioen adar fin-finak) osatua; sistema honek zelulek metabolismorako beharrezkoa duten oxigenoa airetik hartu eta gorputzean sartu, eta metabolismoaren ondoren sortzen den anhidrido karbonikoa kanporatu egiten du. 3. Odol zirkulazioaren aparatua, odola mugiarazten duen organoak (bihotza) eta odolak bere ibilbidean erabiltzen dituen hodiek (arteriak eta zainak) osatua; zeluletara oxigenoa eta elikatze gaiak eraman eta anhidrido karbonikoa eta nitrogeno toxikoa duten gaiak kanporatzen dituen sistema da. 4. Iraitz aparatua, gernu sistemak (giltzurrunak, ureterea, gernu puxika) eta izerdi guruinek eta gibelak osatua; nitrogeno konposatu toxikoak eta odoleko beste zenbait gai kanporatzen ditu. 5. Higimen aparatua, hezurdurak eta giharrek osatua; gorputza mugiarazteko eta barruko organoak babesteko sistema da. 6. Zentzumenen aparatua, nerbio sistemaz eta zentzumen organoez osatua; zentzumenen informazioa bideratu, bereganatu eta aztertu egiten du, eta bulkadak eragiten ditu giharren eta guruinen erantzuna egokia izan dadin. 7. Ernaltze aparatua, ernaltze organoek eta sexu zelulek edo gametoek osatua; gizonaren iraupena ziurtatzen dute.
Fisiologiari dagokionez gorputzak 75 bilioi zelulatik gora ditu, eta bakoitzak hazteko, metabolismorako, eraginei erantzuteko eta zelula berriak (ez beti) sortzeko ahalmena du. 200 bat zelula mota ditu gorputzak, eta lau sail nagusitan bil daitezke. Lau zelula mota horiek eta zelulaz kanpoko gaiek gorputzaren ehun garrantzitsuenak osatzen dituzte. v Gorputz adarrak. Anat. Ugaztunek lau dituzte, bi goikoak edo bularraldekoak, eta bi behekoak edo sabelaldekoak, eta elkarren artean simetrikoak dira. Gizonaren goiko adarrek gauzak hartzeko eta ukitzeko eginkizuna dute batez ere; behekoak gorputzari eusteko eta ibiltzeko dira. Lepauztaiari lotzen zaizkio goiko adarrak eta pelbisari behekoa. v Gorputza hartu. Erl. Kristau dotrinaren arabera, Jainkoa haragi bihurtu, giza irudia hartu eta gizon egitea.