Gorbunovs, Anatolijs
Letoniar politikaria (Ludza, 1942). Rigako Institutu Politeknikoan egin zituen ikasketak, eta eraikuntza industrian eta estatuaren landetxe batean lan egin zuen karrera politikoa hasi aurretik. 1966an Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako (PCUS) kide egin zen eta 1974. urtean eskuratu zuen alderdi barruko lehenengo kargua. Harrezkero, zenbait kargu izan zituen bere esku, besteak beste Kiroveko barrutiko idazkari nagusiarena eta Letoniako Batzorde Zentraleko Ideologia Idazkariarena. 1988an Letoniako Errepublika Sozialista Sobietarreko Presidiumeko lehendakari izendatu zuten (RSSL), eta horrela eskuratu zuen Errepublika hartako kargu politiko gorena. 1991n Letoniak burujabetasuna eskuratu zuenean aldatu egin zen kargu haren izena (Kontseilu Goreneko lehendakaria) baina Gorbunovsek jarraitu zuen Letoniako lehendakari izaten 1993. urtea arte. Burujabetasuna eskuratu aurretik Errusiaren aldeko jarrera moderatua erakutsi zuen eta kritikak jaso zituen horregatik, baina burujabetasunaren ondoren Errusiareko gobernuaren politikaren arerio nagusietako bat izan zen. Besteak beste 1994. urtea ezarri zuen Letoniatik gudaroste atzerritarrak ateratzeko data gisa, eta ez errusiar gudarostea erretiratzen hastekoa, Errusiak nahi zuen bezala, eta nazioarteko ikuskatzaileak eskatu zituen 1993ko Letoniaren eta Errusiaren arteko negoziazioetarako. 1993. urtean Guntis Ulmanisek hartu zuen errepublikako lehendakari kargua, eta Gorbunovs Letoniako legebiltzarreko lehendakari izendatu zuten.