Gomringer, Eugen
Suitzar idazlea, boliviarra jatorriz (Cachuela Esperanza, Bolivia, 1925). Ekonomiako eta artearen historiako ikasketak egin zituen 1946 eta 1950 bitartean, Bernako eta Erromako unibertsitateetan. 1959-1985 bitarteko urteetan publizitateko buru gisa lan egin zuen zenbait enpresa pribaturentzat; 1976. urtean estetikaren teoriari buruzko eskolak ematen hasi zen Düsseldorfeko arteen akademian, eta "Zero" talde artistikoarekin bat egin zuen lan horretan ari zen bitartean. Gomringer "poesia konkretua" delakoaren aitzindaritzat hartua da: bere Konstellationen (1953, Konstelazioak) obrarekin eredu liriko berri bat osatu zuen, zeinetan hizkuntza objektu soil izatera murriztuta gelditzen den, beste ezeren gainetik osagai bisuala azpimarratzeko. Hauek dira Gomringerren beste lan aipagarri batzuk: Das Stundenbuch (1965, Orduen liburua) eta Poesie als mittel der Umweltgestaltung (1969, Poesia, ingurunearen konfiguraziorako baliabide gisa) saiakera.