Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gizarteratze

iz. Soziol. Elbarritasunen bat duten pertsonak hezteko prozesua, gizartean txertaturik bizi ahal izan daitezen. Elbarritasuna fisikoa, zentzumenena, emoziozkoa, garapenezkoa… izan daiteke, eta gizarteratzearen bidez, lan merkatuan sartzea, beren inguruan moldatzea eta ahalik eta independentzia handiena izatea lortzen dute. Gizarteratze programa batean medikuntza eta psikologia zerbitzuak jaso daitezke, eta baita lanpostu baterako heziketa ere. ■ Medikuntza zerbitzuak. Elbarritasun maila gutxitzeko medikuntza zerbitzuak eskaintzen dira lehendabizi: ebakuntzak egiten dira; bihotzekoa izan dutenei edo elbarritasun batek jotakoei hobeto mugitzen, ibiltzen, hitz egiten… erakusten zaie; itsuei Braille sisteman edo gorrei ezpainetan irakurtzen irakasten zaie; epileptikoei krisien maiztasuna gutxitzeko tratamenduak ematen zaizkie… Gainera, protesiak, gurpil aulkiak, makuluak eta abar ere eskaintzen dira, eta erabiltzen irakasten. ■ Zerbitzu psikologikoak. Elbarritasun bat eragin dezaketen emoziozko arazoak ez dira oso aintzat hartu. Hala ere, psikoterapiak eta laneko aholkularitzak asko lagun diezaioke pertsona bati bere ondoezaren eragina murrizten eta ondorioak eramaten. ■ Lanean hasteko heziketa. Lan batean hasteko behar dituzten ezagutzak jasotzen eta gaitasunak garatzen erakusten zaie. Pertsona askok, beren elbarritasunarengatik gaitasun mugatuak dituztelako, edo beren inguru geografikoagatik edo gizartearen ulermen ezagatik arazoak dituztelako, beren gaitasunari egokitutako prestakuntza berezia behar izaten dute lan berrian hasi ahal izateko. Halakoei tresna eta hornigai bereziak eskaintzeak, eta oztopo fisikoak kentzeak buruaskitasun handiagoa lortzen lagunduko lieke: eskailerak igo ezin dituztenentzat aldapak egiteak, gurpil aulkietan dabiltzanentzat edo ibiltzeko arazoak dituztenentzat garraio bereziak jartzeak…