Gizadiaren Ondarea
Gizadiarentzat balio berezia duen inguru natural eta kulturala, eta, horrenbestez, babes berezia duena. Artearen, zientziaren edo historiaren ikuspegitik balio unibertsal aparta duten monumentu eta inguruneak izaten dira, eta baita estetikaren edo zientziaren ikuspegitik balio aparta duten monumentu natural, egitura geologiko eta inguru naturalak ere. Kontzeptua 1972an onartu zuen ofizialki Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO), eta 1975ean jarri zen indarrean. Nazioarteko batzar batek finkatzen ditu gizadiaren ondare natural eta kulturalerako administrazio eta finantza eremuak. UNESCOren batzorde batek, Hitzarmena sinatu zuten estatuetako kideez osaturik, erabakitzen du zer hartu gizadiaren ondaretzat. Bi zerrenda egiten dira: batean, gizadiaren ondareak zeintzuk diren aipatzen da, eta bestean, galtzeko arriskuan daudenak. Sei irizpen eta egiazkotasun epai baten arabera erabakitzen da ondare batek balio unibertsal aparta duen, eta ondare naturalak, berriz, lau irizpen eta osotasun epai baten arabera. Lehen zerrenda 1979an egin zen, eta etengabe ari da osatzen. Bertan ageri diren izenek munduko kulturaren, naturaren, erlijioen eta inguruen aniztasunaren adierazgarri izan behar dute. Gainera, kontuan hartu behar dute zenbat aldiz egin den inbentarioa eta naturaren eta kulturaren balioen bilakaera. 500 ondasun inguru biltzen dira zerrendan, kulturalak horietako % 80. ■ Espainian, adibidez, hauek ageri dira besteak beste: Altamirako haitzuloak; Teruelgo arkitektura multzo mudejarra; Donejakue bidea; Sevillako katedrala, Alcazar eraikina eta Indietako Artxibo Nagusia; Granadako Alhambra, Generalifea eta Albaicin auzoa; Escorialgo Monasterioa eta Real Sitio; Bartzelonako Güell parkea eta jauregia, eta Milà etxea. Italian: Venezia, Florentziako erdigunea eta San Gimignano. Kroazian, Split-en: Dioclezianoren jauregia. Grezian: Delfos, Epidauro eta Olinpiako multzoak. Britainia Handian: Edinburgo hiria eta Stonehenge parkea. Kanbodian: Angkor tenplua. Txinan: Pekingo Jauregi inperiala eta Txinako Harresia. Indonesian: Borobudur tenplua. Indian: Taj Mahal jauregia. Pakistanen: Mohenjo-Daro. Jordanian: Petra hiria. Libanon: Baalbek. Sirian: Palmira. Egipton: Kairo Zahar islamiarra, Abu Simbel eta Nubiako tenpluak. Aljerian: Timgad hiri erromatarra. Malin: Dogon-eko itsaslabarrak eta Tunbuktu. Zimbawen: inguru arkeologikoa. Ghanan: bertako jauregiak. New Yorken: Askatasunaren estatua. Mexikon: Palenque eta Mexiko hiriak. Brasilen: Ouro Preto-ko meategi hiri zaharra. Perun: Machu Pichu. Frantzian: Mont-Saint-Michel-eko monasterioa, Parisko Senaren ibaiertzak, Versailles jauregia, eta Avignongo hirigune historikoa. Suitzan: Bernako hiri zaharra. UNESCOren zerrendan sartzen diren inguru naturalen artean, berriz, hauek daude: Coloradoko Kanoi Handia, Poloniako Bialowieza basoa, Irlandako Erraldoien galtzada, Australiako Ayers Rock, Victoria ur-jauziak, Espainiako Doñana eta Garajonay parke naturalak, eta Txileko Rapa Nui. Babestutako toki hauek, sinbolismoaz gainera, merkatu balioa ere badute, bisitari ugari erakartzen baitute, askotan beren ondare balioa arriskuan jartzeraino.
- gizabete
- gizabide
- gizabidetsu
- Gizaburuaga
- gizadi
- Gizadiaren Ondarea
- gizagabe
- gizagabeki
- gizagabetasun
- gizagaixo
- gizagaldu