Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gimnastika

iz. Gorputza indartzea eta zailtzea helburu duen ariketa fisikoen multzoa, soinketa. v Antzinako Greziako gazteen hezibidean gramatika, musika eta bereziki gimnasia landu ziren; Erroman molde militarrak hartu zituen gimnasiak eta garrantzi gutxi eman zitzaion. Gero baztertu egin zen erabat eta XVIII. mendearen bukaera arte ez zen gimnasiarako zaletasuna berriro piztu; izan ere, aro modernoko bizimodu egonkorrak ez zion gizonari gorputz neke askorik ematen eta ondorioz gorputz ariketaren beharraz jabetu zen, gorputza eta osasuna zaindu nahi bazituen. Gimnasia modernoa, anatomia eta fisiologia ezaupideetan oinarritzen den gorputz hezibide gisa ulertuta, Suedian eta Alemanian landu zen bereziki; handik mundu osora hedatu zen, eta gaur egun ohiko “ikasgai” da eskoletan, zenbait unibertsitatetan, armadan, etab. Gimnasia suediarra delakoa 1860. urtean sortu zen, eta batere tresnarik erabili gabe egiten da. Gimnasia erritmikoa musikaren erritmoari jarraituz egiten da. Bestelako gimnasia moldeetan zenbait tresna erabiltzen da: pisuak, barra horizontala, paraleloak, eraztun zintzilikatuak, jauzi-zaldia, etab.