Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

geodesia

iz. Geol. Lurraren edo Lurreko zati baten forma eta luze-zabalerak aztertzea eta horiei dagozkien mapak egitea helburu duen jakintza. Geodesiaren bitartez Lurreko edozein punturen koordenatuak eta bi punturen arteko distantzia zehatz daiteke. Geodesiak lur eremu handiak aztertzen ditu, eta zehaztasuna iristeko Lurraren biribiltasuna kontuan hartu behar du. Espazio ontzien behaketek asko erraztu dituzte neurketa horiek. v Historia. Aintzinatik ezagun da Lurraren biribiltasuna. K.a. II. mendean Erastotenek Lurraren meridianoak 40 milioi metro luze zuela kalkulatu zuen, eta Ptolomeok ere Lurra biribila zela onartzen zuen. Hala ere, Erdi Aroaren bukaerako aurkikuntza geografikoak eta Kopernikoren eta galileroren azterketa astronomikoak egin arte plano horizontal batean irudikatzen zen beti Lurra. XVII. mendearen erdialdera Snellius, Picar eta Cassiniren lanek geodesia modernoaren bidea urratu zuten. v Metodoak. a) Triangeluketa. Neurtu nahi den gainazala triangeluka zatitzen da eta teodolitoen eta trigonometriaren bidez egiten dira kalkuluak. Lur osoaren zein lur eremu baten luze-zabalera zehazteko erabiltzen da metodo hau. b) Espazioko geodesia. Lurreko zenbait puntutatik zehatz-mehatz non den ezaguna den satelite bat behatuz, eta behaketaguneen arteko angeluekin eta bertatik sateliterainoko distantziekin behar diren kalkuluak eginez, behaketa puntuen arteko distantzia zein den jakin daiteke. c) Maila finkatzea. Lurreko puntu desberdinen garaiera zehazten du. d) Grabimetria. Lurraren forma mugatzeko erabil daiteke metodo hau. Lurrazalean gertatzen diren grabitate intentsitatearen aldaketak aztertzen ditu, eta haiek lurpean dauden gaien araberakoak direnez, meategien ikerketan, petrolio bilaketan eta antzeko lanetan erabiltzen da. v Geodesia lerroa. Geom. Gainazal kurbatu bateko puntu biren artean izan daitekeen distantziarik laburrena. v Geodesia erpina. Bere geodesia koordenatuak zehatz-mehatz kalkulatu zaizkion lurreko puntua.