Gares
Nafarroako erdialdeko udalerria (Iruñeko merindadea). Puente La Reina-Gares du izen ofiziala. Mugak: iparraldean eta ekialdean, Obanos; mendebalean, Mañeru, eta hegoaldean, Mendigorria. Garaiera, 347 m. 39,96 km2. 1999ko datuen arabera, 2.254 biztanle ditu (garestarrak). Arga ibaiak zeharkatzen du udalerria iparraldetik hegoaldera. Hizkuntza, gaztelania. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Nekazaritza da bertako ekonomia jarduera nagusia (mahatsa, garagarra eta garia). 1960-70etik, industria txiki batzuk kokatu dira bertan (eraikuntza, janari industria eta ehungintza); bertako langile ugari Lizarra eta Iruñeko lantegietan ari da. Aipagarriak dira Santiago eliza erromanikoa (XII eta XVI. mendeko eraikuntzak) eta Arga ibaiaren gaineko zubi erromanikoa. v Historia. Alfontso Gudularia, Aragoi eta Iruñeko erregearen eskutik jaso zuen Garesek hiri gutuna, Lizarrako Foruen arabera (1122). Donejakue bideko herri garrantzitsua izan zen Erdi Aroan. Joan II.a Nafarroako erregeak alkatea Garesek aukeratzeko eskubidea eman zuen 1433. urtean (ordu arte erregeak aukeratzen duen).