Garaudy, Roger
Frantses filosofoa eta politikaria (Marseilla, 1913). Frantziako Alderdi Komunistako Batzorde zentraleko kidea (1945), diputatua (1945-1958), eta geroago senataria (1959-1962) izan zen. Marxismoari buruzko obrak eman zituen argitara: Théorie matérialiste de la connaissance (1953, Ezagutzaren teoria materialista), Dieu est mort (1962, Jainkoa hil da), De l’anathème au dialogue (1965, Anatematik elkarrizketara, kristauen eta marxisten arteko elkarrizketaren alde egiten duena), Marxisme du XXe siècle (1966, XX. mendeko marxismoa). Txekoslovakiako gertakariak zirela eta (1968) Alderdi Komunistako bulego politikotik (1956an sartu zen) eta azkenik, alderditik bota zuten 1970ean. 1981ean lehendakaritzarako hautagai independente gisa aurkeztu zuen bere burua, baina porrot egin zuen. Musulman egin zen gero.