Ganz, Bruno
Suitzar antzezlea (Zurich, 1941). 1969. urtean Goetheren Torquato Tasso obraren antzezpenean parte hartu zuen, Edith Clever eta Jutta Lamperekin batera. Bere joera iraultzailearekin Berliner Schaubühne konpainiaren sorrera bultzatu zuen, eta 1970-1975 bitartean konpainia horretako antzezle izan zen. Talde harekin jokatu zituen, besteak beste, Ibsenen Peer Gynt, Kleisten Homburgeko printzea, eta Gorkiren Udatiarrak (1975) obrak. Gorkiren obra hura zinemara eraman zuten, eta beste zenbait film ere egin zituen Ganzek, adibidez O-ko markesa (1975, Eric Rohmer), Amerikar adiskidea (1977, Wim Wenders), Aiztoa buruan (1978, Reinhard Hauff), Nosferatu, gaueko banpiroa (1978, Werner Herzog), Hiri zurian (1983, Alain Tanner) eta Berlin gaineko zerua (1987, Wim Wenders). 1993 eta 1994. urteetan Salzburgon jardun zuen Shakespeareren Coriolano antzezten. Azpimarratzekoak dira, halaber, Ganzek Friedrich Hölderlinen olerkiez egindako interpretazio sentiberak. Thomas Bernhardek Ganzi eskaini zion Ehizaldia obra.