Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Galia

Galiarrak bizi ziren lurraldea, gaur egungo Frantzia, eta Belgikako, Alemaniako mendebaleko eta Italiako iparraldeko zatiak hartzen zituena. v K.a. V. mendearen inguruan, Rhin haranean bizi ziren zelta herriak (galiar deituak) Mediterraneoko kostaldera hedatuz joan ziren, eta IV. mendearen erdialdera Italiako iparraldean (Galia Cisalpina deituan) jarri ziren bizitzen; aldaketa horien ondorioz sortu zen gero Galia izan zen lurraldea. Galiarrak eta erromatarrak elkarren etsai ziren, eta borroka ugari izan zituzten; galiarrak K.a. 390. urtean Erroma hartu eta lapurreta handiak egin zituzten; Kartagoko II. Gerran Hanibal Kartagokoarekin bat egin zuten erromatarrei erasotzeko; hala ere, erromatarrak izan ziren garaile eta 181. urterako beren mendean hartu eta kolonizatu zuten Galia Cisalpina. K.a. II. mendean Frantziako hegoaldean sartu ziren, eta Mediterraneoko kostako zati handi bateko salerosketen gaineko kontrola lortu zuten. 118.an Narbo Martius (Narbona) kolonia ezarri zuten Galia Narbonensis deitu zen hegoaldeko kostan. K.a. 58-50 bitarteko urteetan erromatarrek, Julio Zesarren gidaritzapean, Galia osoa hartzea lortu zuten, eta 53-50 bitartean Vercingetorix buruzagi galiarrak gidaturiko matxinadari aurre egin behar izan zioten. Zesar eskuzabala izan zen galiarrekin eta autonomia handi samarra eman zien; hala, Ponpeiaren kontrako gerra zibilean (49-45 bitarteko urteetan) galiar soldaduen laguntza izan zuen. Lugdunum (Lyon) izan zen garai hartako hiriburua. Galia lau eskualdetan zatitu zuten erromatarrek: Narbonensis; Akitania, Loiratik mendebal eta hegoaldera; Celtica edo Lugdunensis Frantziaren erdialdean, Sena eta Loira artean; eta Belgika, ipar eta ekialdean. Erromatarrak herriak eraiki eta errepide sarea hedatu zuten Galia osoan zehar, lurjabeei zergak ezarri zizkieten eta erdi mailako klaseko sal-erosleak indartu zituzten. Tiberio enperadorea aitonen semeen kontra borrokatu zen K.o. 21. urtean. Klaudio enperadoreak (K.o. 41-54), Galiako aristokrazia beretu nahian, Erromako Senaturako hautagai izateko eskubidea eman zien Galiako handikiei, eta baita gobernadore karguak ere Galian. Hurrengo bi mendeen zehar altxamenduak gertatu ziren tarteka, germaniar herrien inbasioak gero eta usuagoak ziren eta kristatutasuna sartu zen. Inbasioei aurre egin ahal izateko Rhine erdialdetik Danubio goialdera bitartean gotorlekuak (lime) eraiki ziren. Marko Aurelioren agintepean (161-180) germaniarrek lime delakoak gainditu zituzten. Mugako gudarosteak altxatu egin ziren Rhin ibaiaren inguruetan, eta Kommodo enperadorea hil ondoren (192), herria krisi ekonomiko larri batera eraman zuen gerra ziblia piztu zen. 260. urtean Galiak, Espainiak eta Britainiak Galiako inperio independentea antolatu zuten. Aurelianok Erromarako aldarrikatu zuen Galia 273. urtean, baina germaniarrek hondamena zabaldu zuten lurraldean. Dioklezianoren eta honen ondorengoen agintepean berrikuntzak egin ziren armadan eta administrazioan, baina inperioa desagertze bidean jarri zuen anabasaren erdigunea zen ordurako Galia. IV mendearen erdialdean inbasioak ugaritu egin ziren. V. mendean bisigodoek Akitania hartu zuten beren mendean, frankoek Belgika eta burgundiarrak Rhin eskualdea. VI. mendearen hasierarako erromatarrak galdua zuten Galia. Galia Erromako kultura hondarearen gordari izan da; gaur egun zutik diraute erromatarrek eraiki zuten anfiteatro, ubide eta bestelako eraikuntz asko.